Floren Aoiz
Sanz Madrilen
Miguel Sanz Madrilen izan da, kazetariekin egindako gosari batean, hainbat enpresari eta espainiar eskuineko jende eraginkorrenarekin batera. “Abc”-ren iritziz, PPren zuzendarien presentziak adierazten zuen alderdi horren lehentasunen artean dagoela Nafarroa. Nafarroa baino, Nafarroa blindatzea, esanen nuke nik, Sanzek biziki maite duen terminoa nereganatuz. Politikagintzan edukiak ez ezik formak ere garrantzitsuak dira. Horregatik ez da kasualitatea noiz eta orain Sanz Madrilen agertzea. Bistan dago bai Sanzek bai Del Burgok, UPNko sektore ezberdinetan kokatu arren, PPren multzo atzerakoienaren bizikidetza bilatzen dutela. Del Burgok interes berezia dauka euskal abertzaleen etsai amorratu gisa agertzeko, bere inguruko ustelkeriak ezkutatzeko, baina, bidenabar, estatu- aren laguntza behar dute, trantsizioaren hasieran gertatu bezala, ez baitira nafar jendartea kontrolatzeko gai sentitzen. Nafarroa estatu auzia. Hori izan zen Franco hil ondotik nafar eskuin frankistaren nagusitasuna bermatzeko astindu zen ikurra. Finean, bai nafar frankistak bai Madrilgoak ados zeuden: Euskal Herriaren borroka ahultzeko, Nafarroa isolatzea hagitz onuragarria zen.
Oraingoan, berriro ere, laguntza eske joan da nafar eskuina Madrilera. Urrats horrekin, beren mezuaren oinarri faltsuak utzi dituzte agerian: UPN ez zen sortu nafarron interesak defendatzeko, baizik eta frankismoaren jaraunspena blindatzeko eta Espainiari Nafarroa menperatzeko tresna berri bat eskaintzeko. Jakina da Sanzek ez duela sobera ongi hitz egiten gazteleraz, ezagutzen omen duen hizkuntza bakarrean, alegia. Horregatik ulergarria da erabakitzeko esparruaz antolatu zuen nahasmena: Nafarroaren etorkizuna espainiarrek erabakitzea, horixe da UPNk nahi duena.
Penaz oroitu zuen Sanzek Urralbururen garaietako PSOEren jarduera. Horixe itzultzea nahiko luke UPNk, euskal lurralde batasunaren defentsatik Navarra foral y española aldarrikatzera pasatzeko gai izan zen alderdi ustel eta ahula.
Eta, egia esan, hortxe, PSOEren jardueran, dago koska.
Sanzekin batera, PSNko buru nagusia zegoen Madrilen. Politesse ariketa bat? Chivitek ez zuen ahoa ireki, nonbait. Kasualitatea? Protokolo arauen ondorioa? Ez dakit, beharbada ez daukalako zer esan zegoen mutu. Menturaz, bera ere Madrilen zegoen esan beharrekoa jakinarazi behar ziotelako. -
|