GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-05-13
Arabako txakolin usaina berriz iritsiko da Amurriora
Edozer topatu ahal izango du maiatzaren 21ean Amurriora joaten denak. Arabako VIII. Txakolin Eguna egingo dute bertan. Bakailaoen kokotxak hobekien prestatzeko lehiaketa, sardina errearen eta baserriko oilaskoaren dastatzea, bertsolariak nahiz trikitilariak. Guztia Aiarako ardo zuriarekin ondo bustita, noski.

AMURRIO

Aurtengo Arabako Txakolin Eguna, datorren maiatzaren 21ean Amurrion izango dena, gastronomia ekitaldiz josita iritsiko da. Ohiko bilakatu den moduan, Juan Urrutia plazan eta saltoki laguntzaileetan, 2005eko uztako txakolin berria dastatu ahal izango dute bisitariek 10.00etatik aurrea.

Salda prezio onean eskuratzeko, kopa eta txartelak salduko dituzte antolatzaileek. Alde horretatik, bi eskaintzaren artean aukeratu ahal izango dute. Txosna eta upeltegiek txakolina eta pintxoa 1,5 euroren truke salduko dute. Era berean, Txakolin Eguneko oroitzapenezko kopa ere erosi ahal izango da. Iaz 4.500 saldu zituztela aintzat hartuta, mila gehiago aurrez ikusi dituzte antolatzaileek.

Urduñako Santa Cecilia taldea eta trikitilariak kaleak girotzen ibiliko dira. Gainera, Euskal Herriko ohiko produktuen dastatzeek toki handia izango dute prestatutako egitarauan; sardina erreek eta Lumagorri labeldun baserriko oilaskoek, hain zuzen ere.

Aipatu azken horren eta Arabako txakolinaren arteko senidetza ekitaldia egingo dute kultur etxean. Ramon Agiriano gastronomoa ere bertan omenduko dute. Bestetik, Boilur elkarteak bakailao kazula erraldoi bat egiten duen bitartean, Sebastian Lizaso eta Ohiane Perea kantuan arituko dira, eta platera ondoren doan dastatu ahal izango da.

Kokotxak

Astronomia lehiaketa ere bertan izango da. Aurreko urteekin alderatuta, txoko eta elkarteek izango dute aurten lehentasuna parte hartzeko. Bakailao kokotxak prestatu beharko dituzte, Arabako txakolinaren ukituarekin. Gastronomian adituak diren pertsona adierazgarriek osatuko dute epaimahaia. Horien artean daude Juan Martinez Viñaspre “Anemias”, Patxi Giraldo, Isidro Urcelai eta Alberto Ipiña. Gehienez, 25 partehartzaile egongo dira, eta hilaren 18a baino lehen eman beharko dute izena. Goiz osoan, gainera, artisautza eta label produktuak erakutsiko dituzte Larrinaga kalean.

Ikus daitekeen moduan, ekimen mordoa antolatu dute Amurrion egun berezia ospatzeko. Are gehiago, dastatze-batzordeak iazko uzta oso ontzat jo du. Oso kritika onak jaso ditu txakolinak ere. Xarmant 2004 markak, adibidez, Robert Parker-en “The Wine Advocate” gida ospetsuan leku bat lortu du eta kritikari horrek ehunetik 88 puntu eman dizkio.



Bazkaria eta postre sariketa

AMURRIO

Aurtengo edizio honetan bi ekimen berri egingo dituzte. Batetik, Arabako txakolinarekin egindako postre lehiaketa izango da, saritan 275 euro banatuko dituen txapelketa. Postreak etxean prestatu beharko dira, eta Juan Urrutia plazan egongo den epaimahaiaren aurrean eguerdian aurkeztu beharko dituzte. Errezeta ere bertan utzi beharko dute. Horretaz gain, 300 lagun ingururentzako herri bazkaria antolatu dute San Anton plazaren aterpeetan. 15 euren truke, babarrun zuriak txirlekin, masailak eta txakolin-musaz osatutako menua dastatu ahal izango dute animatzen direnek. Erreserbak aurretik egin beharko dira.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Ekonomia
Un muerto y seis heridos en tres accidentes registrados en Larraga, Hernani y Gasteiz
Mundua
Más de 150 muertos por la explosión de un oleoducto en el sureste de Nigeria
Kultura
Zinemaldia homenajeará a Ernst Lubitsch
Euskal Herria
Lakua envía casi cada semana informes de las actividades de Batasuna a la AN
Ekonomia
El IPC se dispara un 1,2% en abril por el vestido y el calzado
Euskal Herria
«La clave del proceso está en el debate democrático en Euskal Herria»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea