Felix ETXEBERRIA | EHUko Hezkuntza Zientzietako katedraduna
«Benetako elebitasun orekatua eredu bakarreko sistemarekin lortuko da»
Eskoletan orain 25 urte ezarri ziren hizkuntza ereduak ez dira ikasleen euskalduntzea bermatzeko gai, eta beste antolamendu bat ezinbestekoa da euskararen jakintza maila eta erabilera egokia ziurtatzeko. Felix Etxeberriak D ereduan oinarritutako hizkuntza eredu bakarraren aldeko apustua egiten du.
Elebitasuna eta hezkuntza izan dute mintzagai
Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolaturiko mintegian.
«Hizkuntza ereduak kolokan» izenpean, Felix Etxeberriak egungo ereduen sistema
aztertu eta eraldaketaren beharra jarri zuen mahai gainean. Etxeberriaren
iritziz, hizkuntza eredu bakarraren sistema da euskararen jakintza eta erabilera
egokia bermatzeko bide bakarra.
Aski frogatua dago egun indarrean dauden hizkuntza ereduek ez dutela ikasleak euskalduntzea bermatzen, baina, non dago arazoaren muina?
Eskola aldatzen ari den arren lehengo metodoekin jarraitzen dugula. Orain 25 urte eskolak lau eredu A, B, D eta X hartu zituen, eta sistema horrek gaur arte iraun du. Garai baterako balio izan dute, baina, egun beste era batera planteatu behar da. Ereduek ez dute behar bezala funtzionatzen eta gaztelania hitz egiten dutenei beste era batera irakatsi behar zaie euskara ikas dezaten. Gainera, egun euskara ikasteko motibazio handia dago, eskola publikoaren festetan eta Kilometroak gisako ekitaldietan milaka jende batzen da, EIMA programa daukagu, Euskaltzaindia, HABE, Hik Hasi, euskarazko softwareaŠ Lehen ez geneukan ezer eta orain gehiago daukagu, baina oraindik gehiago behar dugu. Bada garaia pauso berri bat emateko.
Zein dira sistema berri horrek behar dituen oinarriak? Euskararen diglosia eta ahultasuna ikusita
%30 gara hiztunak, elebitasun orekatua lortzeko proposamena behar da,
euskarari garrantzi askoz handiagoa emango diona. Euskal Herrian elebitasunaren
gaineko ikerketa ugari egin dira, eta badakigu euskara D ereduan ikasten dela,
eta ez beti. A ereduan ez da ikasten eta B ereduan zaila da. Jaurlaritzak
egindako oinarrizko euskararen mailako ikerketan zehazten da A ereduko inork ez
zuela froga gainditu eta D ereduko ikasleen %47k soilik lortu dutela agiria.
Beraz, euskara ikasteko zailtasun handia dago, eta, nonbait bermatzen bada, hori
D ereduan da. Gaztelaniari buruz ere badaude ikerketak eta badirudi eredu
guztietan dagoela ziurtatua gaztelania ikastea. PISAk zein Ministerioak egindako
hainbat ikerketak ziurtatzen dute hori. D ereduan euskara ikasten bada eta
gaztelania ere ziurtatua badago, zertarako nahi ditugu gainontzeko ereduak?
Euskara ez ikasteko?
Hizkuntza ereduak «kolokan» egote horrek zer eragin du ikaslearen formazioan?
Ezarri den ereduaren bidez, hizkuntzarekin batera bi komunitate banatzen dira. Iritzi kontrajarriak daude A eta D ereduko ikasleen artean, eta eredu bakarraren bidez giza balore batzuk landuko lirateke. Kulturarteko tratua izango litzateke, eta hori ona da. Pedagogia aldetik, berriz, duela 25 urte familiaren jatorria eta hizkuntzaren araberako ereduak ezarri ziren, D eredua euskaldunentzat eta A eta B ereduak gaztelera hitz egiten dutenentzat. Zergatik banatu behar ditugu hizkuntzaren arabera? Etorkinen integrazioaz hitz egiten dugu maiz, eta euren seme-alabek eskolan integratu behar dutela defendatzen badugu, zergatik ez dugu defendatzen euskaldunak eta erdaldunak eskolan integratzea?
Aurkezpenean hizkuntza eskubideak ez direla
betetzen aipatu duzu. Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko kasuan, zer leku izango
luke zure proposamenak? Bai, eta euskara ikasteko ez dago beste biderik. Frantziako Konstituzioa eta Nafarroan Sanz dela... Nik uste Frantzian kontent egongo liratekeela eskola guztietan A eredua jartzearekin. Baina, hori erantzun politikoa da. Linguistikoki bidea hori dela uste dut, orain, bai Nafarroan bai Ipar Euskal Herrian politikoki eman beharreko urratsak ematea benetan zaila ikusten dut. Eredu bakarra D ereduan oinarritutakoa
izatea proposatzen duzu. Egun kexak izan ohi dira euskarazko ereduan hizkuntza
menperatzen ez duten irakasleak daudela eta...
Nabarmen aldatu da irakasleen prestakuntza. Esate baterako, 76. urtean %5 inguruk zuten euskarazko hezkuntza ematekogaitasuna. Egun, Iraleko datuen arabera, eskola publikoko irakasleen %80 dira gai. Irakasle nahiko ditugu, eta irakasle ikasketak bukatu eta klaseak emateko zain daudenak ere piloa dira. Ez dago aitzakiarik.
Bada eskoletan ingelesari euskarari baino bultzada handiagoa ematen zaiola esaten duenik. Hala dela uste duzu?
Ikusten denez, modan jarri zaigu 4 urterekin ingelesa ikastea. Balorazioetan ez naiz sartuko, baina ingeles goiztiarra defendatzen denean, programa onak, material egokia, eta, ahal bada, batxilergo mistoa egitea ere aipatzen da. Hau da, ingelesa ez dela euskara A ereduan bezala planteatzen. Eta, ingelesarekin nahi duguna euskararekin ez dugu egingo? Ingelesarentzat ona dena euskararentzat ere ona da.
Irlanda, Gales eta Frisiako hezkuntza elebiduna aztertu duzue mintegian. Hemengoarekin alderatuz, zer antzekotasun eta ezberdintasun antzematen dituzu?
Ereduen sistema eta sailkapena berdintsua da. Orain, ikusi dudanez D ereduaren progresioa eta indarra askoz ahulagoa da horietan. Irlandan, esaterako, aurrera ari dira baina oso mantso. Eta Gales eta Frisian ematen ari den indartzea ez da gurea bezainbestekoa. Gureak, beharbada, arrisku handiagoa dagoela ikusten dugulako edo beste arrazoi politiko batzuk direla medio, indar gehiago du. Hemengo bizitasuna eta indarra haientzat eredu dela uste dut, eta haiekin ere gauza asko ikasten ari gara.Zorionez, elkarri erakusteko gauza asko ditugu. -
|