IRUÑEA
18/98 prozesua epaituengan izaten ari den ondorioak salatzeko, ekitaldia antolatu du Nafarroako 18/98+ Lan Taldeak hilaren 20rako, Burlatako Kultur Etxean.
Atzo Iruñean egindako aurkezpenean azaldu zutenez, ekitaldian, Mariano Ferrer 18/98+ Plataformako eledunak, Jesus Bueno Asin 70eko hamarkadan Nafarroako Diputazioko kide izandakoak eta Arantza Zulueta abokatuak hartuko dute parte.
«Ez da izango ohiko ekitaldi politikoa. Arinagoa egin nahi dugu. Horretarako, Juan Kruz Lacasta kazetariak galderak egingo dizkie hiru pertsona horiei», azaldu zuen Expe Iriartek, 18/98 prozesuan auzipetuta dagoenak.
Horrekin batera, musika eta ikusteko erakargarriak izango diren antzezpenak ere egongo dira ekitaldi horretan.
Expe Iriartek eta Mariano Ferrerrek berek Iruñean nabarmendu zutenez, 18/98 prozesuan auzipetuak dauden pertsonak bere jarduera politiko pu- blikoarengatik epaitzen ari dira, «jardun hori kriminalitzeko helburuarekin».
Bide batez, salatu zuten Auzitegi Nazional espainolean egiten ari diren epaiketak ez dituela epaituentzako gutxienezko bermeak. «Ez dituzte hizkuntz eskubideak errespetatzen; ustezko froga ugari ez da agertzen, eta abokatuek ezin izan dute beren lana behar bezala egin», adierazi zuten.
Horrekin batera, astero-astero hiruzpalau egunetan Madrilera bidaiatzeak eta bertan egoteak izugarrizko kalte fisiko, psikiko eta familiakoa ekartzen du auzipetuentzat.
«Madrilera egin beharreko bidaietan, epaitegian bertan baino dezente ordu gehiago eman behar izan dute», nabarmendu zuen Ferrerrek agerpenean.
«Auzitegira egin nuen bidaia batean, auzipetuak nola bizi diren ikusteko aukera izan nuen. Igandean goizeko hiruretan ateratzen dira Madrilerantz. Goiza epaitegian eman ondoren, etxetik kanpo jan eta arratsaldean itzuli behar dute. Lo egiteko aterpe batera jo behar dute, nahiz eta asko adinduak izan, kostua ahalik eta gutxiena hazteko. Etahorrela aste bat, eta beste bat eta beste bat», azaldu zuen plataformako kide Xabier Barberrek.