GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-05-13
Pegenaute eta Villanuevaren kontra zabaldutako auzia artxibatu dute
«Diario de Navarra»ri emandako diru-laguntza batzuengatik Pedro Pegenaute eta Fermin Villanuevaren kontra zabaldutako auzia behin-behinean artxibatu du Nafarroako Auzitegiak, abokatuek aurkeztu zuten helegitea ontzat emanez eta Iruñeko Epaitegiak aldez aurretik hartu zuen erabakia bertan behera utzita. Erabaki horren arabera, «prebarikazio» delitua ez dago arrazoituta. Dena den, ez du esaten bi auzipetuei leporatutakoak ez duenik zigorrik merezi.

IRUÑEA

Nafarroako Gobernuko Unibertsitate eta Hizkuntza Politikako zuzendari Pedro Pegenauteren eta Hezkuntzako Zuzendaritza Orokorrean kargu bera betetzen duen Fermin Villanuevaren kontra zabaldu ziren eginbideak behin-behinean artxiba- tu ditu Nafarroako Auzitegiak. “Diario de Navarra”ri 2001ean diru-laguntzak modu irregularrean emateagatik salaketa tartekatu zuen Euskara Kultur Elkargoa fundazioak.

Izan ere, aipaturiko egunkariak eskaera epez kanpo aurkeztu zuen, hiru egun berandu. Medioetan euskararen erabileragatik Nafarroako Gobernuak ematen dituen diru-laguntzak direla-eta, “Diario de Navarra”k 30.000 euro inguru jaso zituen (5.204.056 pezeta).

Pasa den otsailean, Iruñeko Bigarren Instrukzioko Epaitegiak bide eman zion auzi horri, nahiz eta Fiskaltza kontra egon. Hala, Pegenaute eta Villanuevaren aurka «prebarikazio» delituagatik epaiketa zabaltzeko agindu zuen. Era berean, bi auzipetuei 600 euroko isuna ezarri zien. Akusazio horri eusteko zantzu nahikoak bazeudela ondorioztatu zuen.

Orain, Nafarroako Auzitegiko Lehen Atalak bertan behera utzi du erabaki hori, eta ontzat hartu du Pegenaute eta Villanuevaren abokatuek tartekatu zuten helegitea.

Aditzera eman duen epaian, auzibideak aurrera jarrai dezaten zantzu nahikorik ez dagoela dio. Epaimahaiaren ustetan, «prebarikazio» delituaren egikaritza ez dago behar den neurrian arrazoituta. Dena den, argitzen duenez, horrek ez du esan nahi leporatutakoak zigorrik merezi ez duenik.

Dokumentazioa epez kanpo

Euskara Kultur Elkargoak bere garaian nabarmendu zuenez, dokumentazioa 2001eko abenduaren 18an, goizeko 9.03an, aurkeztu zuen “Diario de Navarra”k Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Sailean. Epea jada agortuta zegoen. Urteko gastuak eta diru sarreren balantzea abenduaren 15a baino lehenago aurkeztu behar baitzen. Hori egiaztatzen duen txosten bat dago. Hizkuntza Garapeneko Saileko Euskara teknikari Francisco Javier Anduezak «irregulartasun» horri aipamen egin zion 2001eko abenduaren 24an. Epeak ez zirela errespetatu plazaratu zuen orduan, baita epailearen aurrean deklaratu duenean ere.

Bien bitartean, inputatu gisa eginiko deklarazioetan akusazio guztiak ukatu zituzten Pegenautek eta Villanuevak. Beren defentsan, paperak abenduaren 14an egunkariko gidari batek eraman zituela esan zuten, baina «burokrazia kontuengatik» geroago erregistratu zirela.

Fiskalak ontzat eman zuen azalpena, eta epaiketaren kontra egin zuen.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Ekonomia
Un muerto y seis heridos en tres accidentes registrados en Larraga, Hernani y Gasteiz
Mundua
Más de 150 muertos por la explosión de un oleoducto en el sureste de Nigeria
Kultura
Zinemaldia homenajeará a Ernst Lubitsch
Euskal Herria
Lakua envía casi cada semana informes de las actividades de Batasuna a la AN
Ekonomia
El IPC se dispara un 1,2% en abril por el vestido y el calzado
Euskal Herria
«La clave del proceso está en el debate democrático en Euskal Herria»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea