- Top 14
Ikuskizun aparta eman du Biarritzek
BIARRITZ 57 MONTPELLIER 7
BIARRITZ
Biarritzek atzoko partida festa bat izatea nahi zuen, aurtengo denboraldian etxean jokatzen zuen azkeneko partida zelako, eta horixe izan zen, zuri-gorrien festa bat.Emaitza zelaian gertatutakoaren isla da. Lapurtarrak hasieratik zelairatu ziren garaipenaren bila, eta Montpellierko jokalariak ezinean aritu ziren, euskaldunen erasoak alde guztietatik etortzen baitziren. Hasiera gogor horren ondorioak berehala ikusi ziren markagailuan, hamabigarren minuturako lapurtarrak 21-0 aurretik baitziren, eta ordurako, gainera, hiru entsegu ere eginak zituzten. Emaitza hori lortuta, bazirudien etxeko taldeak atseden apur bat hartu nahi zuela, baina horrek ez zuen gehiegi iraun, hamar minutu geroago Bobok bere hirugarren entsegua egin zuen, eta taldearen laugarrena. 24 minutu besterik ez jokoan, eta Biarritzek lau entsegu eginak zituen. Oraingoan, Yachvilik ez zuen transformaziorik lortu, baina zelaian errugbia egiteko makina bat ikusten ari ziren zaleak. Etxeko taldeak lehen zatian dena erabakita utzi nahi zuen, eta atsedenera joan aurretik beste bi entsegu ere egin zituen. Augustek egin zuen lehenengoa, eta Traillek, bigarrena. Gainera, Yachvilik biak transformatu zituen, eta 40-0ekoa jarri zuen markagailuan. Dena ez zen hor bukatu, ordea, lapurtarren jaurtitzaileak lehen zatiko azkeneko minutuan zigor-kolpe bat gauzatu baitzuen, eta 43-0ekoarekin joan ziren atseden hartzera. Dena erabakita zegoen, baina garbi zegoen lapurtarrek horrelako jokoa eginez jarraitzen baldin bazuten, ikaragarrizko markagailua izango zela. Montpellierren zorionerako, ordea, etxeko taldeak bigarren zatian jokoa lasaitu zuen, eta horri esker, kanpotarrek transformatutako entsegu bat egin zuten. Hala ere, partidako azkeneko minutuetan etxekoek berriro ere erritmoa gogortu zuten, eta transformatutako beste bi entsegu egin zituzten. Amaieran, markagailua 57-7 gelditu zen. Amaieran, jendeak txalo artean agurtu zituen jokalariak, datorren larunbateko Europako Kopako finalaren zain.
|