Hardcore melodikoa eta pop-rocka, Nun-en lehen CDan
·Uribe Kostako taldeak «Collage» izeneko diskoa kaleratu berri du
Hardcorea, popa eta rocka jorratzen du Nun-ek, Uribe Kostan eratutako taldeak. Zuzenekoa da beren pasioa, baina azkenean disko bat grabatzera ere animatu dira. «Collage» izenburua du eta Eremulauak Kultur Elkarteak argitaratu du. Melodietan sakondu du boskoteak, maketan agertzen ziren disonantziak alde batera utzita.
BILBO
Aitziber Omagogeaskoak (ahotsa), Eneko Burzakok (gitarra), Xabier Doncelek (baxua), Claudio Pavanek (bateria) eta Alvaro Barriusok (gitarra) osatzen dute Nun taldea. 2002. urtean sortu zen Uribe Kostan, eta geroztik makina bat kontzertu eman dute. Denbora pasatu ahala, taldea aldatzen joan da eta Xabier Doncelen esanetan, gaur egungoak «ez dauka zerikusirik hasierakoarekin».
Egun, «taldetik harago doan» harremana dute taldekideen artean. «Anai-arrebak bezala gara», adierazi du baxu-jotzaileak. Konplizitate hori islatzen da egiten duten musikan. Hardcorea, rocka eta popa jorratzen dute, nahiz eta «etiketak» beren gustukoak ez izan. Berengan eragina duten taldeak bilatu behar dira, esaterako, Placebo. «Gugan eragina duten taldeak seguru asko Euskal Herritik kanpo daude, baina horrek ez du esan nahi Euskal Herriko musika interesatzen ez zaigunik», nabarmendu dute. Izan ere, zaila da berak egiten duten musika euskaraz abesten duten euskal taldeen artean aurkitzea. «Hardcore melodiko berri hau dezente egiten da Bartzelonan. Guk ez dugu ezer asmatu», adierazi dute.
Zuzenekoa da beren pasioa. Taula gainean “Azkenaldian”, “Urrun noa” edota “Eraman nazazu bueltan” kantuek dimentsio berria hartzen dutelakoan daude taldekideak. «Guretzat diskoa ez da garrantzitsuena. Kantuak diskoan sartu ditugu nonbait erregistratzeko. Baina guri benetan gustatzen zaiguna kontzertuak ematea da. Gaur egun badirudi diskoaren garaia amaitu dela, baina Internetetik disko osoa jaisteko aukera dago, eta web orrian informazio guztia eta hitzak aurki daitezke. Testuak oso anbiguoak dira. Ez dugu inoiz zehazki jartzen pentsatzen duguna», adierazi dute.
Grabazioa abuztuan egin zuten, Ondarroako Santos Records estudioetan. «Askotan, estudio batera joan eta produktu bat kontserbak egiten diren bezala egiten da. Guk hori saihestu nahi genuen. Gure bi urteko lana zen eta zerbait berezia nahi genuen. Mikel Santos hasieratik inplikatu zen taldearen filosofian», esan zuen Xabier Doncelek.
Eremulauak ediziogune berria jarri dute abian
BILBO Eremulauak Kultur Elkarteak www.eremulauak.com webgunea sortu zuenean, hurrengo pausoa ediziogune berri bat izango zela iragarri zuen. Ediziogune hori martxan dago jadanik, eta Nun taldeko estreinako diskoa da bere lehenengo emaitza. Hain zuzen ere, «musika sortu, ekoitzi, banatu eta promozionatzeko modu berri baten nahia» asetzeko sortu da diskoetxe hau. Webgunean egiten den moduan, ediziogunean ere egile eskubideen gaineko tratu «irekia eta berria» landu nahi dute Eremulauak Kultur Elkartekoek. Horregatik, copyleft filosofiarekin arituko dira; hau da, lanak modu ez komertzialean eta libreki banatzeko aukera emango dute. Horrela, argitaratzen diren ekoizpen guztiak ediziogunearen web orrian aske lortzeko eta jaisteko aukera ematen dute, lanak zabaltzea baita euren helburu nagusia. Dendetan izango dira salgai, baina salmenta ez da izango beren diru-iturri nagusia; kontzertuak izango dira etekinen iturri.
|