Silikonayk amorrua eta festa- giroa bildu ditu disko berean
Talde eklektikoa da Silikonay. Zurbanon dute entseguetarako aretoa eta, ondorioz, Gasteizko talde moduan aurkezten dute beren burua, baina gipuzkoarrak eta bizkaitarrak dituzte kideen artean. Kaos Etiliko, Briganthnya, Araujo y Los Mecánicos eta Morgue taldeetan ibiliak dira lehen. Hala ere, beren lehen diskoan ardatz nagusi bi ageri dira:kritika soziala eta amorrua batetik eta festa giroa bestetik. «Gorrotoaren indarra» da diskoaren izenburua.
DONOSTIA
Jokin Sanzek eta Txema Zankak, Silikonay taldeko gitarra-jotzaileek, Kaos Etiliko taldean jo zuten eta Igor Araujo kantariak Araujo y los Mecánicos taldean kantatzen zuen. «Legazpiko gaztetxean ezagutu genuen Araujo. Abeslari ona eta tipo jatorra zela ikusi genuen eta gure proiektuaren berri eman genion», kontatu zuen atzo Jokinek. Eta Dani Lerma eta Jorge Farones Goriz bateria-jotzailea sartu ziren taldean. Orain urte pare bat jaio zen Silikonay, berehala atera zuten beren lehen maketa eta atzo aurkeztu zuten lehen diskoa, “Gorrotoaren indarra”.
Bai musika bai hitzak taldeak egiten ditu. «Gustatzen zaizkigun gauzei buruz hitz egiten dugu eta, oro har, kritika soziala da marka», esan zuen taldeko kantariak.
La Polla, Barricada, Hertzainak, Su Ta Gar eta gisako taldeak entzunez hazi ziren eta barnean Euskal Rock Erradikalaren oinordeko sentitzen dira. Euskara eta gaztelania nahasten dituzte beren kantuetan. Diskoa, esaterako, “El elegido” kantarekin zabaltzen da. Honela dio errepikak:«Voy a ser el elegido y comprarme un jaguar/y decirles a mis amigos ‘barra libre en el bar». “Libertad de expresión”, “Anbotoko Mari”, “Tres de marzo” eta “Gorrotoaren indarra” datoz ondoren, betiere salaketa eta amorrua duten kantak dira, baina “Yo sólo kiero”, “Soledad” eta “Maitasun indarra” kantuetan festa giroa nagusitzen da. «Jendearen kontzientzia piztea da gure helburua», esan zuen Araujok.
Entseguetarako aretoa Zurbanon dute eta, horregatik, Gasteizko talde moduan agertzen dira, nahiz eta gipuzkoarrak eta bizkaitarrak diren. Urretxuko Osaba tabernan egin zuten ostiral gauean diskoaren aurkezpen festa eta kontzertua. Ekainaren 9an Lazkaon herriko plazan dute kontzertua. Ekainaren 16an Sevillan izango dira eta 17an Malagan. Ekainaren 30ean Gasteizen, Aranbizkarra auzoko festetan joko dute eta hortik aurrera udako birari ekingo diote.
Lehengo lagun zaharrak izan dituzte laguntzen diskoa grabatzeko orduan. Kaotikoko Jonathan izan dute, esaterako, edo Izurri Berriko Eneko, Potrotainoko Pedro eta beste hainbat adiskide.
Sound Source estudioetan grabatu eta Hirustan egin dituzte nahasketak.
|