AHTren inguruko erreferenduma egitea arbuiatu du Gasteizko Legebiltzarrak
Abiadura Handiko Trenaren proiektuaz mintzatu ziren berriz ere atzo, Gasteizko Legebiltzarrean. Ezker Abertzaleak datorren urtean «euskal y»ari buruzko herri kontsulta egitea proposatu zuen. Proposamenari ez zioten oso harrera ona egin. EAJk, EAk, PSEk eta PPk kontra bozkatu zuten. EBk abstenitzea erabaki zuen. Eztabaida amaitu ostean, dozenaka lagun elkarretaratu zen kanpoaldean, eta Ganberak duen jarrera «gogor» kritikatu zuten.
GASTEIZ
2007ko foru eta udal hauteskundeekin batera izango zen Abiadura Handiko Trenari (AHT) buruzko herriko kontsulta egitearen aurka azaldu ziren atzo Gasteizko Legebiltzarreko EAJko, EAko, PPko eta PSEko ordezkariak. EB abstenitu egin zen, eta Aralar eta Ezker Abertzalea, legez besteko proposamena aurkeztu zuena, baino ez ziren alde agertu. Azken talde horretako kide Julian Martinezek Lakuako Gobernua osatzen duten alderdiei jakinarazi zien «etxea teilatutik hasi» direla eta «euskal y»aren proiektua gizartearen «sustraietatik» eraikitzeko aukera duela. Azpiegitura hori gizartearen beharrak asetzeko pentsatuta egon beharrean, «lau enpresaburu eta politikari profe- sionalen artean» erabakitakoa dela aditzera eman zuen, «beti ere beren interesak defendatzeko helburu bakarrarekin». Madrilgo eta Lakuako gobernuek «inposatutako» proiektu horri buruzko informazioa «oso eskasa» izan dela eta azken horren Garraio sailburu Nuria Lopez de Gereñuk gizartearen gehiengoa AHTren alde dagoela esaten duen bakoitzean, «gezurretan» ari dela arbuiatu zuen. Ezker Abertzaleko taldekideak esan zuen: «Agian, Confebask, bankari eta enpresaburu gehienak ados daude, baina gehiengo soziala aurka dago eta beste alternatiba bat proposatzen du». Alegia, trenbide «eredu propio bat, orekatua, eta Euskal Herriko gizartearen zerbitzura egongo dena».
Hirukoaren arrazoiak
Herri kontsulta deuseztatzeko, zenbait arrazoi helarazi zituzten hirukoaren ordezkariek. Juan Porres (EA) «parte-hartzean oinarritu demokraziaren» alde agertu zen, baina ez esan zion «euskal y»ari buruzko erreferenduma egiteari «euskal herritarren interesak gainditzen dituelako». Oscar Matutek (EB) kontsulta antolatzeko eskuduntza Estatu espainolarena dela ohartarazi zuen. Juan Antonio Arieta-Araunabeñak (EAJ), berriz, datorren urtean egingo diren hauteskundeek «gizartea noren alde dagoen» erakutsiko dutela azaldu zuen. Oscar Rodriguezek (PSE) hirukoa osatzen duten alderdien arteko desadostasunak nabarmendu zituen eta, alde horretatik, Lakuako Gobernuaren jarrera zein den argitu dezala eskatu zion Idoia Zenarruzabeitia lehendakariordeari. Borja Semperrek (PP) proiektuak daraman atzerapena deitoratu zuen, eta «faltsukeriaz» aritzea egotzi zion Ezker Abertzaleari, azpiegitura Madrilgo Gobernuaren «inposaketa» delako. Ain- tzane Ezenarro (Aralar) herri kontsultaren alde azaldu zen. Eztabaidaren ostean, “Trenbide sozialaren alde, AHTrik ez!, Inposaketarik ez!” lelopean, elkarretaratzea egin zuten Ganberako kanpoaldean, Batasunak deituta. Han elkartutakoek «gogor» kritikatu zuten hartutako erabakia, «informazioa zabaltzea, eztabaidatzea eta erabakitzeko eskubidea alde batera utzi dutelako». Legebiltzarra gizartetik «gero eta gehiago» urruntzen ari dela esan zuten.
|