EHUk harrera egin die atzerriko ikasleei
DONOSTIA
Atzerriko hainbat herrialdetatik aurtengo ikasturtea EHUn egitera etorri diren ikasleei harrera ofiziala egin zien atzo, Donostian, Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkaritza zabal batek.
Donostiako Miramar jauregian eginiko ekitaldian, unibertsitateko errektore Juan Ignacio Perez Pradosez gain, Gipuzkoako campuseko errektoreorde Cristina Uriarte, Nazioarteko harremanetarako errektoreorde David Lasagabaster eta Ikasleen errektoreorde Maite Erro ere izan ziren. 11.00etan hasi zuten programatuta zegoen guztia «famili argazkia» eginez, eta jarraian, ongietorri ofiziala eman zieten aipatutako errektoreak eta errektoreordeek. Unibertsitateko irakasle Felix Aresek hitzaldia eman zien 22 estatutatik EHUra etorritako ikasleei, 466 orotara.
Musika ekitaldiaren atzetik, euskal dantzek eta aizkolarien saioak osaturiko kultur ekitaldiaz gozatu ahal izan zuten iritsi berriek, eta arratsaldean, berriz, Zientziaren Kutxagunea ezagutzeko aukera izan zuten.
EHUk adierazpen batean nabarmendu zuenez, unibertsitateak 19 urte daramatza ikasleentzako nazioarteko mugikortasun programetan parte hartzen. Gainera, kopuruak igo egin direla adierazi zuen unibertsitateak, bai Euskal Herrira datozenena (aurten joan den urtean baino 76 gehiago etorri dira), bai euskara eta gaztelania ikastaroetan izena ematen dutenena, bai eta hemendik kanpora doazenena ere.
|