BIARRITZ
Iritsi da eguna, Biarritzek gaur jokatuko du bere bizitzako lehenengo Europako Kopako finala. Aurrez aurre Irlandako Munster taldea izango du eta Milenium estadioan jokatuko dute, Cardiffen, Galesen.
Egun handia izan daiteke gaur Biarritzen. Azken hamarkadan lapurtarrak asko hazi dira, tarte horretan Frantziako Kopa bat eta bi Liga irabazi baitituzte. Gaur Europako Koparekin biribildu dezakete egindakoa, baina ez da ahaztu behar Ligako finalerdietan ere sartuta daudela.
Joko maila eta bi taldeek jokatzen duten Liga kontuan hartuta, litekeena da Biarritz faborito izatea, baina Munsterrek eskarmentu handiagoa dauka. Hirugarren finala izango dute irlandarrek, eta aurreko bietan ez bezala, oraingoan ez dute hutsik egin nahi. Horretarako harmailetan beren zaleak izango dira gehienbat.
Biarritz oso sasoi onean iritsiko da partida horretara. Frantziako Ligan lehen postuan doaz, eta azkeneko partidan, esaterako, sekulako erakustaldia egin zuten.
Askoren ustez, lapurtarrek atzean zehazten dituzte partidak, ez omen dute joko ikusgarririk egiten, baina egiten duten entsegu kopurua eta puntu pila kontuan hartuta, ezin da bat etorri iritzi horrekin. Egia da final-laurdenetan eta finalerdietan atzean egindako lanak zerikusi handia izan zuela, baina horrelako partidetan ere ezin da ikuskizunik espero. Finalak beti final izaten dira, eta edozein kiroletan oso zaila da txapelketa erabaki behar den partidan joko ikusgarria izatea.
Gaurkoan ere Biarritzek ez du bere taktika aldatuko. Talde guztiak lan asko egin du, hasi aurretik eta atzeraino, baloia ahalik eta gehien izateko. Gero, hegaletako jokalarien abiadura aprobetxatu nahiko dute entseguren bat edo beste egiteko. Horrekin batera, ostikoekin puntuak egiteko aukerak ere ez dituzte alferrik galdu nahiko, eta Yachviliren lanak gaurkoan ere zeresan handia izan dezake.
Horrelako partidetan, eskarmentu handiko jokalariek garrantzi handia izaten dute, eta aste honetan bertan argi eta garbi utzi du hori Particre Laguisquet entrenatzaileak. Beraz, Betsen, Harinorki, Lievremont, Balan edo Yachvili jokalariek hartu beharko dute gaurko neurketako ardura, nazioarteko partida asko jokatutakoak baitira. Munsterrek eta Biarritzek iaz neurtu zituzten indarrak azkeneko aldiz. Orduan Anoetako berdegunean izan ziren, eta lapurtarrek irabazi zuten, eta horrekin batera finalerdiak jokatzeko txartela lortu zuten euskaldunek. Irlandarren artean O’Gara da guztien artean gehien nabarmentzen dena. Europako Kopan punturik gehien lortu dituen jokalaria da. Guztira 57 partida jokatu ditu lehiaketa honetan, eta 751 puntu lortu ditu. Hala ere, taldean ez dago bera bakarrik, eta kontuan hartu beharko dira, esaterako, Flannery, O’Conell eta Halstead jokalariak ere.
Biarritzek etxean jokatu ditu final-laurdenak eta finalerdiak, baina finala etxean bezala jokatu beharko du, nahiz eta Galesen izango den, izan ere, harmailetako zalerik gehienak irlandarrak izango baitira. 5.000 biarriztar inguru izango dira zuzenean partida ikusten.
Biarritzen, berriz, bi pantaila erraldoi jarriko dituzte. Bata Plaza Berri pilotalekuaren inguruan, eta bestea Agilera estadioan. Taldea, berriz, galdu edo irabazi, gauerdian iritsiko da Biarritzera, eta orduan egingo diote estreinako harrera.