Erretirodunek CABABen pausatu dituzte beren eskaerak
BAIONA
CFDT, CFTC, CFE-CGC, CGT eta FO langile eta funtzionarioen sindikatuetako erretirodunek Baiona-Angelu-Biarrizko Mankomunitatea aukeratu zuten, atzo, mozio baten bidez aspaldi aldarrikatzen ari diren eskakizunak pausatzeko.
Eroste-ahalmenaren eta pentsio osagarrien balioa berrikustea, pentsio baxuenak bederen gaur egungo gutxieneko soldatarekin parekatu arte emendatzea eta autonomia galdu duten adineko pertsonentzat sistema publikoan arreta bermatzea da, nagusiki, eskatzen dutena.
Erretirodunek hilabeteak daramate mobilizatzen oinarrizko eskakizunon alde. Bi hilabetetik behin elkarretaratzeak egiten dituzten arren, beren eskakizunak ez direla entzuten-eta kexu dira. Atzokoan, laurogei bat erretirodun elkartu ziren CABABek Baionan duen egoitzaren aitzinean.
|