Oier Zearra pilotaria, berezko izaera duen Bizkaiko sagardoaren lagun
Bizkaiko 11 upeltegiek 250.000 litro sagardo ipini dute merkatuan. Iaz sagar gutxiago izan bazen ere, aukera hobetu eta osasun baldintzak ere hobeak izan direla nabarmendu zuten atzo, euri gutxi egin zuelako. Atzo kortxo kentzea egin zuten, sagardo berria aurkeztu eta Oier Zearra pilotaria horren lagun izendatu zuten.
BILBO
Bilboko Kalderapeko kulturgunea dotore jantzi zen atzo Bizkaiko sagardo berria aurkezteko. Baztango Jo ala Jo elkartearen Kirikoketa ikuskizunak zabaldu zuen Onintza Enbeita bertsolariak zuzendu zuen ekitaldia, eta Jose Antonio Zamalloa Bizkaiko Sagardogileen Elkarteko presidenteak zuku berriaren ezaugarriak azaldu zituen berau probatu aurretik.
Bizkaiko sagardoak irabazten doan berezko izaera duela nabarmendu zuen. Aurten 250.000 litro botilaratu dituzte. 2005eko uzta urriagoa izan zela esan zuen, sagar gutxiago izan zelako euri falta zela-eta, baina kalitatearen aldetik goranzko joera etengabea aipatu zuen. Bizkaiko sagardoekin egina eta bertako aukerak hobetzen emandako ahaleginak ere nabarmendu zituen Zamalloak.
Bestalde, merkatuan izan duen bilakaeraz ere egin zuen berba, eta honakoa nabarmendu zuen: «Hazten eta sendotzen hasi den produktua da». Hori kontuan hartuta, «etorkizuna itxaropentsua» dela esan zuen, kontsumoa handitzen doalako, batez ere, gazteen artean.
Ildo beretik, Iñaki Gaztañaga Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak kalitatean izandako hobekuntzak eta sagarren aukerak hobetzeko egiten diren azterketak nabarmendu zituen.
Kortxo kentzea egiteko orduan Oier Zearra pilotari galdakoztarra deitu zuten taula gainera. Pilota eta sagardoa lotuta doazela esan zuen. «Lotura badago biak bertokoak direlako, eta pilotazaleen artean sagardozale asko ere badago», adierazi zuen Zearrak. Nabarmendu zuenez, Bizkaiko pilotariak, Bizkaiko sagardoaren antzera, dagoen konpetentzia handiaren erdian beren lekua irabazten ari dira.
Zabala, Gipuzkoako onena
DONOSTIA Zabala sagardotegiak Gipuzkoako Sagardoaren V. Txapelketaren txapela eraman berri du Adunara. Epaimahaiak egin zuen deskribapenaren arabera, Martin Zabalak ekoitzitako zukua «dasta onekoa, ona eta oso samurra» da. Bestalde, Asier Olaizola pilotariak eta Iñaki Bengoetxeak bigarren eta hirugarren sariak jaso zituzten Hernaniko Olaizola eta Irungo Ola sagardotegientzat. Donostiako Gastronomia Euskal Kofradian egin zuten ekitaldia aurreko asteburuan, eta saritutako sagardogileez gain, Urnietako Eulak, Astigarragako Etxeberriak eta Zearingo Otatzak hartu zuten parte.
|