Jon ORMAZABAL
GASTEIZ
Jokalari on batez gain, taldeko arimaren zati handi bat saldu duenaren jakitun da Dimitry Piterman, eta horrexegatik, azken bi urteetan euren gorabeherak izan dituzten arren, oso esker oneko hitzak izan zituen Josu Sarriegirentzat lazkaotarraren agurrean. «Niretzat gaur egun tristea da Alaveseko jokalaririk onena, garrantzitsuena eta oso pertsona ona badoalako. Onena opa diot talde handi batera doalako. Jaso dugun diru saria niretzat ez da nahikoa, bere nortasuna falta izango dugulako. Beragatik igo ginen Lehen Mailara, eta aurten bera bezalako beste hamar izan bagenitu, ez ginen Bigarren Mailara jaitsiko», azaldu zuen ukrainarrak.
Jokalariak ere esker oneko hitzak izan zituen bai Pitermanentzat, «irteteko inolako trabarik jarri ez izanagatik» eta batez ere zaleentzat: «Beti oso berezia eta maitatua sentitu izan naiz eta emandako tratua eskertu behar diet. Beti bihotzean eramango ditut, beti».
Hala ere, Athleticekoa bere bizitzako aukera izan dela onartu zuen. «Alavesen beti oso gustura egon naiz, eta pena handiz noa, baina Lehen Mailan jarraitzeko aukerari ezin izan diot ezetzik eman», adierazi zuen Lazkaoko atzelariak.
Gasteizen utziko dituen oroitzapenez galdetutakoan, oso positibotzat jo zuen Sarriegik. «Bertan egin naiz futbolari; gauza asko bizi izan ditut. Urte asko izan ziren beheko taldeetan, gero UEFAko finaleko urtean lehen taldean jokatzeko zoria izan nuen; Lehen Mailan talde handi harekin debuta egin nuen. Gero beste etapa batzuk ez dira horren onak izan, baina bai oso bereziak, oso emotiboak», adierazi zuen.
Etorkizunari begira, bere talde berriari «lana eta ilusioa» emango omen dizkio eta gustura da Clementek erakutsitako konfiantzarekin. «Beti esan du bere gustukoa naizela eta konfiantza hori oso ona da jokalari batentzat; espero dut konfiantza hori itzuli ahal izatea», aitortu zuen gipuzkoarrak.