- Liga Federala
Nafarroa Beherean, ilusioa nagusi
DONIBANE GARAZI
Asteburua berezia izango da Baigorrin eta Donibane Garazin, baita Nafarroa Beherea osoan ere, bertako talde nagusiak, Nafarroak, Liga Federaleko Bigarren Mailako finalerdia jokatuko baitu etzi Saint Gaudensen Vendres-Lespignan taldearen aurka.
«Guretzat gauza berria da. Lehen bakarka aritzen zirenean, ez Baigorri, ez Garazi, ez ziren inoiz tamaina honetara iritsi, ezta Nafarroa ere. Ilusio handia dago inguruan», adierazi du Pako Arizmendik, Nafarroa taldeko ordezkariak.
Izan ere, Nafarroa orain dela lau urte sortu zen Baigorrik eta Garazik bat egin ostean. Urte hartan Liga Federaleko Bigarren Mailan aritu zen, baina Lehen Mailara igo zen. Iaz maila horretan aritu eta jaitsi egin zen, eta aurten BigarrenMailako finalerdiak jokatzeaz gain, Lehen Mailara ere igo da.
«Lehen Maila da amateurren maila nagusia, Top 14 eta Pro 2ren hurrengoa. Berez, hemen ezin da jokalari profesionalik izan, baina talde indartsuetan denak dira profesionalak. Lizentzia ez dute horrela, baina kirol hau egitetik bizi dira. Bigarren Mailatik Lehen Mailara jauzi handia dago. Talde asko eskualdeetako hiriburu handietakoak dira, eta dirua dute. Guk hori ez dugu, jokalari amateurrak izango ditugu heldu den urtean ere, eta oso urte gogorra izango da, iazkoa bezalakoa», esan zuen Pako Arizmendik.
Aurretik, ordea, badute zer pentsatua: «Finalerdi hauek giro handia piztu dute inguruan, eta autobus asko ari dira jartzen. Gero, autoz ere asko bertaratuko dira, eta nafar asko batuko gara SaintGaudensen», azaldu du agintariak.
Aurkariari buruz, berriz, ez dakite gauza gehiegi: «Haiek ere talde berria dute. Gu bezalaxe, bi herrik bat egin dute taldea indartzeko, eta iritsi diren lekura iristen diren lehen aldia dute». Baigorrik eta Garazik bat egiterakoan ika-mika dezente izan bazen ere, dena ongi doala azaldu du Nafarroako ordezkari Arizmendik: «Egongo da oraindik ados ez dagoen norbait, baina goi-mailan ibiltzeko batzea beste aukerarik ez zegoen».
|