GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > HERRI KIROLAK 2006-06-09
- Urrezko aizkolarien finala -
Nazabal da faborito, baina Olasagasti baztertu gabe
·Etxarrikoak eta Igeldokoak lehia gogorra izan dezaketela uste dute zaleek

DONOSTIA

Urrezko aizkolarien finala izango da bihar gauean, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Floren Nazabal eta Joxemari Olasagasti izango dira aurrez aurre. Bietako inorentzat ez da izango estreinako finala, eta txapela lortzen duenarentzat ere ez da lehenengoa izango.

Adituen ustez, Floren Nazabal izango da faborito. Joxemari Olasagastik ere horrela uste du. «Nik uste dut baietz. Finala oso zaila daukadala iruditzen zait. Bera azkenaldian ikusi dudanean oso ongi ikusi dut, eta irabaztea ez da lan samurra izango. Euskal Herriko Txapelketan ere bera zen faborito, baina nik irabazi nion, eta oraingoan ere estutu bat eman nahiko nioke», adierazi zuen Igeldoko txapeldunak.

Florenek, berriz, ez du uste gauzak horren garbi daudenik. «Nik uste dut final estua izango dela. Hemen lan laburrak izaten dira, eta adarren bat nahikoa da denbora galdu eta horri buelta eman ezinik geratzeko», azaldu zuen Etxarriko kirolariak.

Izan ere, orain arte Bakarkako Urrezko aizkoran lan bakarra izaten zen. Lan luzea, eta akabo. Aurten, ordea, lan motzak, baina ugari egin behar izaten dira, eta horrekin aizkolariak ez daude oso konforme. «Nik lehenago bezala nahiago dut. Nahiz eta lan luzea izan, hobeto aritzen gara. Behin erritmoa hartu, eta aurrera egiten da. Orain, berriz, lan motzak dira, eta sekulako abiaduran egin behar izaten da lan; eta gorputzak astindu handia hartzen du. Azkenean gogorragoa egiten da», esan zuen Olasagastik.

Nazabal ere, iritzi horrekin bat dator. «Nik nahiago dut lehen zegoen bezala, nahiz eta lan luzea izan. Hemen gorputzak behartu handia hartzen du. Hasi eta geratu, berriro berdin, horrela gehiago nekatzen zara, eta gorputzak behartu handiagoa hartzen du. Dena dela, horrela jarrita dago, eta guk aurre horri egin behar diogu», esan zuen.

Aldea ateratzera

Bi aizkolarien estreinako helburua lehen enborretik aldea ateratzea izango omen da. «Lehen saiotik aldea ateratzea da onena. Egokiena azkeneko saiora minutu bat inguruko aldearekin heltzea da, baina hori oso zaila izaten da. Aurretik ez bada ere, azkeneko saiora alde txikiarekin iristea da helburua», esan zuen Igeldokoak.

Etxarrikoak ere garbi dauka hasieratik ekin behar diola gogor lanari. «Lan hauetan ezin zara lo egon, bestela konturatzerako ihes egiten baitu garaipenak. Aldea estreinako enborretik ateratzea komeni da. Gero, enborrek ere garrantzi handia dute. Adarren bat egokituz gero, ez dago zer eginik, baina biok izango dugu arrisku bera. Lehen parteko enborrak nik eraman behar ditut eta aritu naiz ustez egokienak, onenak, aukeratzen, baina beti ezin da jakin barruan zer duten, hor izaten dira komeriak», adierazi zuen Etxarrikoak.

Bihar, maila nagusiko aizkolariez gain, beste bi final ere izango dira, eta aizkolariei horrek kezka apur bat sortzen die. «Lehen aipatu bezala, onena hasi eta bukatu jarraian egitea da. Orain, ordea, beste bi final ere izango dira eta denak batera arituko garenez gero, saio batetik bestera tarte handi samarrak egon daitezke, eta hori ez da komenigarria», esan zuen Olasagastik.

«Normalean onena hasi eta bukatu jarraian egitea da, baina horrelako saioetan enbor batean betekada handi samarra hartzen bada, gero errekuperatzeko astia izaten da. Beraz, onerako eta txarrerako, bietarako izan daiteke guztia», adierazi zuen.

Hau amaitutakoan, aizkolariek ez dute atsedenerako betarik izango; Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Liga hasiko da, eta lehiaketa ofizialak ere jokatu dituzte. Hemendik aurrera, bai Nazabalek baita Olasagastik ere lehiaketa ofizialetan jarri nahi dute burua. «Hemendik hiru astera Gipuzkoako Txapelketa da, eta hura irabazi nahi nuke. Txapeldunen Liga ongi dago aizkolariek lanean jarraitzeko, baina ez dut uste besteek bezalako garrantzirik duenik. Ezin da urte guztia sasoian egon», esan zuen Olasagastik.

Nazabal ere bat dator. «Hau amaitutakoan Euskal Herrikoa prestatzeari ekin behar diot. Txapeldunen Ligari ez diot hainbesteko garrantzirik ematen. Udan herrietako erakustaldien modukoa izaten da. Gero, final bat izaten du eta irabaztea denei gustatzen zaigu, baina besterik gabe. Beti ezin da puntan-puntan egon» argudiatu zuen Etxarrikoak.



Bigarren aldiz neurtuko dira aurten
Olasagasti eta Nazabal ez dira aurtengo Urrezko Aizkoran lehen aldiz neurtuko, orain dela hilabete eta erdi, apirilaren 28an, Lazkaon aritu baitziren. Orduan final-laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldia zen, eta Etxarrikoak irabazi zuen. Hala ere, bi aizkolariak iritsi ziren finalerdietara, eta orain finalean dira.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Un trofeo de guerra para los invasores
Euskal Herria
Batasuna pone en la mesa bases y calendario para el preacuerdo
Kirolak
La joven holandesa Vos bate a las grandes favoritas bajo un calor sofocante
Kultura
Erromatar garaiko multzo epigrafiko garrantzitsua aurkitu dute Veleian
Euskal Herria
Sanz cesa sin dar razones a Palacios, uno de sus consejeros más fieles
Mundua
Al Qaeda confirma la muerte de Al-Zarqawi en un ataque aéreo de EEUU
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea