GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-06-19
«Ezinezkoa iruditzen zaigu errausteko planta hemen jartzea burutik pasa izana»
Haserrea eta harridura nagusi dira Zamalbide auzoan, errausteko planta jarri nahi duten Landarbaso inguruan. Errausteko plantarik ez dutela nahi esan zuten atzo, «ez Landarbason eta ez inon», baina ingurune horretan planta jartzeko aukera «burutik pasatu izana ere» ezin dute ulertu inondik inora. Alderdiak dauzkan balioak nabarmendu dituzte.

DONOSTIA

Zamalbideko auzotarrek deituta ­auzoa Astigarragako, Errenteriako, Oiartzungo eta Donostiako bizilagunek osatzen dute­, ehunka lagun Listorretako parkean elkartu zen atzo garbi eta ozen esateko ez dutela errausteko plantarik nahi, «ez Landarbason eta ez inon».

Joan den astean Odon Elortza Donostiako alkateak errausteko planta Igoin-Azpi deritzon gunean eraikiko zutela esan zuenetik «haserre» daude auzotarrak. «Iruditzen zaigu orain arte guk nahikoa ordaindu dugula zakar kontuarekin. Azken urte hauetan egon diren zabortegiak hemen inguruan egon dira; Larre-Gaingoa gure auzoan egon zen, bere garaian Petritegikoa ere inguruan zegoen eta kaltetuak pertsona berak izan gara, eta gaur egungo San Markos ere gure auzoan dago», agertu zuen Aloña Lekuonak bizilagunen izenean. Horiek hala, «haserrea eta harridura» dira nagusi Zamalbiden, errausteko planta bertan jartzea «gehiegikeria» dela uste baitute. Hala ere, behin eta berriz nabarmendu dute «errausteko plantaren aurka» daudela, edonon jartzen dutela ere.

Landarbason jartzea, ordea, oso larritzat jotzen dute. Bertan dago Aiako harria parke naturala, aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuak gordetzen ditu ingurune horrek, eta hor daude Landarbasoko koba ezagunak ere. «Aranzadi Elkarteak babesten ditu aurkikuntza horiek guztiak, eta hemen inguruko bizilagunei edozein baso garbiketa-edo egin nahi izan dutenean Aranzadik eragozpen handiak jarri izan dizkie. Ezin izan dituzte hainbat makina sartu, Aranzadikoek uste dutelako edozein txokotan aurkikuntza gehiago egon daitezkeela». Horregatik, harrituta daude Aldundiak errausteko planta bertan jarri nahi duela esan eta Aranzadik ez duelako oraindik ezer esan.

Horrez gain, Añarbeko urtegia, inguruko iturrietara ura eramaten duena, errausteko planta jarri nahi duten tokitik pare bat kilometrora dago eta bertara doazen hainbat erreka txiki berta-bertatik pasatzen dira. «Horren inguruan ez dute ezer esan eta harrituta gaude, uraren bidez kutsadura are handiagoa izan daitekeelako. Hala ere, egia da errausteko plantaren kutsadura haizeak eramaten duela eta horrek ez daukala mugarik», gaineratu zuen Lekuonak.

Elortzaren erabakiarekin zur eta lur daudela nabarmendu zuten behin eta berriz. «Guri ezinezkoa iruditzen zaigu hemen jartzeko aukera burutik pasatu izana ere. Errausteko planta parke natural baten bizilaguna izatea proposatzen dute; gure arbasoen aztarnak gordetzen diren tokian jarri nahi dute».

Aurrera begira borrokan jarraitzeko asmoa dutela agertu dute Zamalbideko auzotarrek, berentzat «erokeria» dena geldiarazteko asmoz. Gaur bertan Donostiako EAJ eta EA alderdiekin elkartuko dira.



Igoin-Azpi Landarbaso da
DONOSTIA

Errausteko planta Igoin-Azpi deritzon gunean jarriko dutela adierazi dute azken egunotan Aldundiak eta Donostiako Udalak. Izenaren kontuarekin ere badute zeresanik bizilagunek. Auzoko zaharrenek ere ez omen dute izen hori ezagutzen; ingurune horri Landarbaso deitzen omen zaio. «Kontua da errausteko planta Landarbason jarri nahi dutela esaten badute, herritar asko berehala konturatuko direla zein inguruneri buruz ari diren; parke naturala, kobazuloak eta urtegia bertan daudela konturatuko dira eta agian hori ez zaie komeni. Despistatu eta engainatu egin nahi gaituzte», argitu dute haserre Zamalbideko auzotarrek.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Democracia de baja intensidad
Euskal Herria
Eguraldia lagun, milaka euskaltzale izan zen euskararen eta ikastolen aldeko jaialdi erraldoian
Euskal Herria
«Nuestra paciencia se agota, porque ésta es una agresión al proceso»
Jendartea
Tres detenciones por casos de violencia contra mujeres
Kultura
Dantzan lurra ukitu gabe
Mundua
La alta abstención eclipsa el «sí» a la reforma estatutaria catalana
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss