GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > ARRAUNA 2006-06-19
Hondarribia, berriz ere Mundakan garaile

DONOSTIA

Hondarribia sasoi onean iritsiko da Traineruen Kluben Elkarteko (TKE) Liga hasierara. Ama Guadalupekoa orain arte jokatutako bi traineru estropadetan nagusitu da, duela bi aste Mutrikun izandakoan eta atzo Mundakakoan.

Gipuzkoako ontzia hirugarren txandan aritu zen, Arkote, Zumaia, Orio eta Urdaibarekin batera, eta parte hartzen zuten hamabost traineruetatik azkarrena izan zen. Hala, bigarren urtez jarraian bereganatu zuen Mundakako Ikurrina.

Eguraldia eta itsasoa lagun, estropada polita ikusteko aukera izan zuten zaleek. Ustezko ontzi indartsuenak azken txandan lehiatu ziren, eta garailea ere bertan izango zela aurrez ikusten zen. Alde horretatik, ezusterik ez zen izan, eta aurreneko hiru traineru azkarrenak txanda horretan arraun egindakoak izan ziren.

Hondarribiak azken luzera arte lan dezente egin behar izan zuen, baina azkenean, Mikel Orbañanosen mutilak ia zazpi segundoko aldearekin nagusitu ziren. Arkote izan zen bigarren, estropada ona eginda. Plentziarrek arraunlari berri asko dituzte, baina Popi Gonzalez entrenatzaileak lan bikaina egin du eta atzo aurrenak izateko lehiatu ziren.

Oriok ere maila txukuna eman eta hirugarren amaitu zuen. Beste hainbeste egin zuen Zarauzko Enbatak, eta laugarren sailkatu zen; Oriok segundo bakar bat kendu zion. Gainera, zarauztarrak bigarren txandan aritu ziren, eta azkenengoan arituz gero, oraindik denbora hobetzeko aukera izan zezaketen sentsazioa utzi zuten. Zumaia bosgarren izan zen, lehen sailkatuengandik denbora dezentera, baina gauzak ondo eginez.

Urdaibai, uste baino okerrago

Urdaibaik, aldiz, ez zuen bere maila ematerik izan. Patxi Bilbaok zuzentzen duen taldeari ia 30 segundo kendu zizkionHondarribiak. Sentsazioak ez ziren batere onak izan, baina oraindik ere hiru aste geratzen dira TKE Liga hasteko, eta akatsak zuzentzeko denbora badute. Kantaurikoko Arraun Elkartearen Ligan arraunean egingo dutenen artean, ostera, parekotasun handia egon zen. Trintxerpe, Getaria, Ondarroa eta Isuntza bost segundoren bueltan helmugaratu ziren.

Lehen txandan izan zirenen artean, berriz, Kaiku izan zen bizkorrena.

Hurrengo igandean Elantxobeko Ikurrinaren txanda iritsiko da traineruentzat.

Sailkapena

1. Hondarribia 19.38.36

2. Arkote 19.45.18

3. Orio 19.47.23

> 4. Zarautz 19.48.36

5. Zumaia 20.04.83

> 6. Urdaibai 20.09.53

7. Trintxerpe 20.13.30

> 8. Getaria 20.15.88

9. Ondarroa 20.17.51

> 10. Isuntza 20.18.25

11. Kaiku 20.46.04

> 12. Santurtzi 21.05.63

13. Raspas 21.31.01

> 14. Portugalete 21.34.32

15. Deustu 21.54.56

Aulki Mugikorra eta batelak

Soustonsen Euskadiko Aulki Mugikorreko Txapelketa jokatu zuten. Klub asko traineruen denboraldian sartuta dauden arren, partaidetza oparoa izan zuen lehiaketak.

Bestalde, Tolosan batelen sanjoanetako sailkapen estropadak izan ziren. Mutiletan, Gaztelu-Ibarra Ak egin zuen denborarik onena, Gaztelu-Ibarra B, Txinparta, Ake Izaskun Orbela, Ortzadar eta Emendeken aurretik. Ontzi horiek guztiak arituko dira hurrengo astean jokatuko duten finalean.

Emakumezkoetan, ostera, Ibarra, Laier Taberna, Ake Izaskun 66 Taberna, Tolosaldeko Arraun Kluba ­infantilak­ eta Ttantto Benta Handi izango dira finalean.

Guztira, 21 batel izan ziren uretan.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Democracia de baja intensidad
Euskal Herria
Eguraldia lagun, milaka euskaltzale izan zen euskararen eta ikastolen aldeko jaialdi erraldoian
Euskal Herria
«Nuestra paciencia se agota, porque ésta es una agresión al proceso»
Jendartea
Tres detenciones por casos de violencia contra mujeres
Kultura
Dantzan lurra ukitu gabe
Mundua
La alta abstención eclipsa el «sí» a la reforma estatutaria catalana
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss