Hogeigarren mendearen hastapenean «aberri handi eta aberri ttipi» kontzeptuan sinesten erakutsi ziguten. Herri guzietan Euskalzaleen Biltzarrak monumentuak eraikiarazi zituen Frantzia eta Alemaniaren arteko gerlan hil zirenen omenez. Frantses estatuaren interesen alde bizia utzi behar izan zutenei Mort pour la patrie abestu zigun Manex Pagolak. Frantziaren memoria erakutsi ziguten eskolan. Herri gutituak ezabatuz. Frantses eskola eskaini ziguten frantsesez. Gure gurasoak, alta, baztertuak gelditu ziren, besteek baino gutiago balio zutela barneratu zuten. Irudi miserabilista erranen dute batzuek. Baina Ipar Euskal Herriko denboran zeharreko euskal kontzientziaren urtzea hurbildik begiratzen bada, egoera horrek badu oihartzuna oraindik.
Frantses erresistentziaren ohorea ere erakutsi ziguten jendearen deportazioan. Vixiko gobernuaren papera luzaz gorde ere. Apurka-apurka garai hartako errealitatea azaleratzen ari zaigu. Duela aste batzuk SNCF garraioetarako estatuaren esku den enpresak deportazioaren antolaketan eraman zuen papera epaitegietan salatua izan baita. Izan ere, agertzen baita garraio horiek SNCFk garraio arrunten gisan fakturatzen zituela bidaiak, frogatua izan da ere bai abereentzat erabiliak ziren bagoiak jendearen garraiorako erabiltzen zituztelarik, jendearen garraiorako prezioa eskatzen zutela. Umiliatuak izan zirenen ahotsak oihartzuna badu oraindik.
Berrogeita sei mila izenpetze behar ditugu erreferendum baten eskatzeko eskubideak lortzeko. Auzapezek bozkatutakoa ez aski, Estatuak entzun gaitzan. Nahikeria ukatu, Parisen joera. Ez diote hemen gertatzen denari kasurik egiten. Berrehun eta berrogeita hamar euskal herritar, bostehun mila armeniar daudelarik estatu frantsesean. Gainera, euskal herritartasuna aldarrikatzen dugu honenbeste gaztek frantses herritartasuna eskatzen dutelarik eta ukatzen zaielarik. Jokoz kanpo jartzen gaituzte. Honenbeste indar berrogeita sei mila izenpetzeren lortzeko! Ez dezagun ahantz herrietan euskaltasunaren presentziak gure lehentasuna izan behar duela, antzerki, kantaldi, inauteri, dantza talde, AEK, ikastola, horrek guziak duela geroa segurtatzen eta sekulako indarra eskatzen.
Max Brisson haserre agertu zaigu Seaskak Paueko inspekzioa okupatu baitu. Biltzar harremana eraiki ondotik Seaskako oldartzea ez omen du ulertzen eta, gainera, harreman horiek ez omen lituzke horrelako onartzen. Euskarako erakunde publikoaren sinesgarritasuna zalantzan. Aurten ere Seaskak gutieneko postuak falta ditu, behar horien ukapenak jarraitzen du. Herri gisa irauteko ukatzen diguten eskubidea bulegoetara bideratu nahi lukete, erreakzionatzeko eskubidea ukatuz. Indar harremana luzaz beharrezkoa izanen dugu, UMPren gustukoa ez bada ere. -