GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Txokotik 2006-06-19
Mikel Aramendi
Azterketa

Azterketa sasoirik oparoenean gaudenez, batetik, eta, geure herri-arduradun askoren gaztetasuna medio, ikasketa faseko analogiak ulergarriagoak egingo zaizkielakoan, bestetik, gaztigu txiki baina baliagarria helarazteko garai aproposa izan daiteke: «Begira zer gertatu den San Pedro muinoko ‘azterketan’!». Litekeena da, gainera, beren proiektu handiosei ezetz esanez kalera irteten diren milaka manifestarien iritzia baino onesga- rriagoa gertatzeaŠ

Ez da lehenengo aldia, ezta bigarrena ere, «euskal Y»aren proiektua «geure azterketa ez baizik auzokoari ipinitakoaren erantzunak kopiatzen aritzea dela» uste dudala esan edota idazten dudana. Askoz luze eta zabalago argudia baliteke ere, hitz gutxitan labur dezaket zergatia: abiadura handiko trena, geurea ez bezalako ingurune fisiko eta garraio beharretarako asmatu eta garatutako tresna delako. Horre- xegatik da hain berezia gure «azterketa», eta balio digu hain gutxi kopiatzen saiatzeak.

Esan gabe doa niri zuhurra ez ezik ulerterraza iruditzen zaidan irizpide hau ez dutela aintzakotzat hartzen gure herri arduradunek. Nihil novum sub sole: gure ikasgelako kopiatzaile trebe eta saiatuenak ere behin baino gehiagotan ordu mordoa galdu zuen azterketarako sartzen ez ziren gaiei buruzko txuletak egiten. Bere munduan bizi baitzen hura ere.

Horregatik dakart hizpidera Madrilgo San Pedro muinoko tunelarekin gertatua, nire arrunkeriak baino estimagarriagoa gertatuko zaielakoan.

Madriletik Valladoliderako tren lasterrak Guadarrama mendikatea zeharka dezan egin beharreko tuneletako bat, 9,5 kilometrokoa, da San Pedrokoa. Egitasmoaren arabera jada amaituta egon behar zuen bi begiko tuneltzarraren erdia ere egiteke dago oraindik, ordea, lanaren gainkostuak 30 milioi eurotik gorakoak diren bitarteanŠ Nonbait, ikerketa geoteknikoak guztiz narrasak izan ziren; haien ondorioz, tunelgintzako makina okerrak aukeratu ziren; hauetako bat berehala ez atzera eta ez aurrera geratu zen, eta horrela darama urtebete; orain dena «eskuz» zulatu behar omenŠ

Euskal Tunel Handia deitu behar lukeenaren ikerketa geoteknikoak ere pulamentu bertsukoak direla ziur nagoelako, proiektutzar horren bultzagile sutsuek, kopiatzailearen antsia-hersturak uzten badie behintzat, oso aintzakotzat hartu behar lukete aurrekaria. Jakinaren gainean geratzen dira. -


Mikel Aramendi - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Democracia de baja intensidad
Euskal Herria
Eguraldia lagun, milaka euskaltzale izan zen euskararen eta ikastolen aldeko jaialdi erraldoian
Euskal Herria
«Nuestra paciencia se agota, porque ésta es una agresión al proceso»
Jendartea
Tres detenciones por casos de violencia contra mujeres
Kultura
Dantzan lurra ukitu gabe
Mundua
La alta abstención eclipsa el «sí» a la reforma estatutaria catalana
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss