Julen Murgoitio
Ikusi-makusi
Sorgin eta akelarreen gaua izan berri da. Suaren bueltan ospatu dute hainbat haranetan udako solstizioa, zapoak eta sugeak mendian gora joanak zirela. Sutara gauza asko botata ere beti gutxiegi begitandu izan zait. Zerrenda luzea egingo nuke aitaren batean, sua elikatzeko gai aproposena. Togak, uniformeak eta abitu asko barne. Kyotoren kalterako dela jakin arren. Horra, nazioa dutenek nazioaren egoera izaten dute hizpide lantzean behin, nork bere batzokian. Lehen, hango diputatuen jauregian egin zuten, han jesarlekua dutenek. Oraintsu, hango Konferentzia Episkopaleko gotzainek egin dute, goi bilerara deituta. Abitudunok nazioaren oraina aztertu dute, arlo desberdinetatik aztertu ere, nazioaren batasuna ondasun morala dela abiapuntu, helbide eta helburu hartuta. Hau kolpea! batzuentzat ondasuna dena beste batzuentzat hondamena! eta ez nago nazioaz soilik, batasunaz ere. Tira, euren ondasun moralaz egin dute bilkura, nazioko eliztar guztiak horren gainean argitzeko asmoz. Ez da harritzekoa gero, argitze lan pastoral horretarako, urteak duen egunik luzeena aukeratu izana. Abituak beltzak izanda, kanpotik zein barrutik, energia nuklearra bera ere beharko lukete horiek inguruan gutxienezko argi-distirarik sortu ahal izateko.Ondasuna-hondamena, zer garrantzia duen euskaldunontzat H batek! Baina oraintsu jakin dut hori ere beheko Estatuaren menpean dugula. Euskaltzain kopurua handitzea onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak, honelaxe irakurri dut lehengoan egunkari batean. Eta ahoa bete hortz geratu. Demonio! Demontre! Demokaka! Hori berori ere! Noiz demontre izango dugu euskaldunok ahalmena Nor, Nor-Nori, Nor-Nork eta Zer-Nori-Nork geure kabuz erabakitzeko? Orainean, iraganean, baldintzazkoetan, ahalerazkoetan eta aginteran bertan ere, erabakitzeko. Indikatiboan bezala subjuntiboan ere. Ezin H-ak nazioa duten horien eskuetan utzi. Uztekotan, betiko gainera, Y-ak, abiadura handiz utzi ere. Ene, ene!, zer gauza inportantea behar du izan ministro izateak! Are gehiago, ministroek kontseilua eta guzti izateak! Asko eskatzea al da? Sutara gauza asko botata ere beti gutxiegi begitandu izan zait, bai; odolak su gabe dirakien arren. Guantanamo itxi nahi dutela entzun berri dut ere. Hobe zabalik mantendu, denbora batez behinik behin. Hori bai, presoak eta presozainak elkar aldatuta. Hantxe egongo ziren, patio orduetan, elastiko laranjaz jantzita, taldeka, buru-makur; zer ikusirik ez Aubisqueko maldetan uztaileko arratsetan egon ohi diren euskaldunekin. Bapez. Azkenik, idazten nagoen honetan ez dakit goiko Estatuko futbol selekzioak zer egingo duen azkeneko partidan, baina litekeena da hurrengo fasean beheko estatuko selekzioa izatea aurkari. Eta horra hor kolpea! Sarritan, beheko selekzioak aurkari duenaren bandera astintzen du Hego Euskal Herriko hainbat euskaldunek partida egunean. Eta gauza bera egiten du Iparrekoak goiko selekzioarekiko. Bi selekzio horiek buruz buru jokatzekotan, zer astinduko iparrean eta zer hegoan? Ikusi-makusi. -
|