GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-06-25
Baiona-Garaziko tren linea kinka larrian
Ipar EuskalHerriko «bizkarrezur» bilakatutako tren mitikoa galtzear
·LAB-ek trenbide horren egoerari buruzko alarma piztu, eta berritze lanak egiteko eskatu du

Lapurdi kostaldea Ipar Euskal Herriko barnealdearekin lotzen duen trenbide bakarra «kinka larrian» dagoela salatu zuen LAB sindikatuak atzo. XX. mendearen hasieran egin zituzten lanez gain, ez da gaur arte beste berritze lanik izan, eta linearen egoera txarrera doa. Teknika arazoetatik at, linea horren dinamikari eusteko agintari politikoek duten borondate falta ere salatu zuen sindikatuak. Berrikitan trenaren abiadura murriztea erabaki dute, eta ordutegiak aldatu dituzte erabiltzaileen beharrak kontuan hartu gabe. Alarma jotzea erabaki du LABek.

DONIBANE GARAZI

XIX. mendean sortu zen Baiona eta Garazi lotzen dituen trenbidea, Arrosa eta Banka herrietako meategietan hartua zen minerala Baionarantz garraiatzeko. Garai horretan Iruńea eta gero Madrilekin lotzeko etorkizunean garapen handia ikusten zioten trenbideari. Arrazoi horregatik, Baigorrira joateko adar bat egin zioten.

Baina, denbora aurrera joan da, eta, interes ekonomikoak direla medio, bide garraioari lehentasuna eman, eta egungo autobidea sortu zuten. XX. mendearen hasieran, Baiona eta Garazi lotzen zituen trenbide horrek bilakaera zerbait ezagutu bazuen ere, geroztik horretan utzia izan da, eta, gaur egun, botere publikoen pentsamenduetatik guztiz ahaztua den bidea da.

Ipar EuskalHerriko barnealdea eta kostaldea lotzen dituen garraio bakarra da trenbide hori. «Nafarroa Behereari eta Zuberoari bizia atxiki eta elkartasuna adierazi behar zaiola agintari politikoen ahotan etengabe entzuten da, baina, egun Ipar Euskal Herriko “bizkarrezur” nagusia den trenbide hori desagertzekotan da». Hori adierazi zuen, bederen, Jeronimo Prieto LAB sindikatuko kide eta tren gidariak. Eta, gertatzen ari denaren aurrean «alarma» pizteko ordua dela ohartarazi zuen.

Baiona eta Garazi arteko tren horrek, izan ere, hamaika herrixka zeharkatzen ditu oren bateko ibilaldian. Herritar askoren ustez, tren horrek Lapurdi eta Nafarroa Behereko paisaia ederrenetarikoak azaltzen ditu. Baina, hala izan arren, urtez urte burdinbidearen egoera txartuz doa, eta bidea zeharkatzen duten tren kopuruak murriztuz.

80ko hamarkadan, jadanik, trenbide hori desagerrarazteko saiakera izan zen. Baina, orduan bideratuak izan ziren borrokei esker lortu zen eustea. 2004. urtera arte, hasierako zerbitzu hori atxikia izan da. Baina, Jeronimo Prietok nabarmendu zuen bezala, azken garaiotan ikusiak izan dituzten aldaketek argi adierazten dute goiz ala berant trena desagertuko dela.

Oren bat eta laurden

Trenbideari «lehen erasoa» 2004. urtean egin zioten, gaien garraioa kendu zutenean. Ordura arte, Garazi eta Baiona arteko zurak trenbidez eramaten ziren. «Orain, aldiz, kamioiz garraiatzen dituzte zur horiek, horrek eragiten dituen kalteak kontuan hartu gabe», salatu zuen Prietok.

Horrekin batera, berrikitan tren ordutegiak aldatu eta abiadura txikitu dute. Hiru trenek joan jina egiten dute, Baionan lan egiten zuten langileei egokiak ziren orduak finkatuak zituzten orain arte. «Baina, kendu dituzte, eta egungo orduek ez dituzte lekuko erabiltzaileen beharrak betetzen. Goizeko trena sobera goiz abiatzen da, eta eguerdikoak ez du Baionan korrespondentziarik. Ez dira batere egokiak langileentzat», nabarmendu zuen LABeko ordezkariak. Hori horrela, ordutegi horiek ikasle eta erromesentzat soilik dira egokiak. Eta, arazo horiei guztiei berrikitan Auvergne Estatu frantseseko eskualdean izandako tren baten desbideratzea gehitu behar zaie.

Berez Ipar EuskalHerritik urruti geratzen bada ere, trenbide horretan eta Baiona-Garazikoan baliatzen diren burdinbideak berdinak dira.

XX. mendearen hasieran jarriak, ez dira geroztik ukituak izan. Auvergnen izandako tren desbideratze hori burdinbidearekin lotu zuten, eta, Estatu frantsesean dauden mota bereko trenbideetan abiadura jaistea erabaki dute. Baionatik Garazira joateko orain arte trenak oren bat behar bazuen, agindu horren ondorioz hogei minutu gehiago behar ditu, hau da, trenari 50 kilometro orduko abiadura finkatu diote.

Azken urteotan izandako aldaketa horiek guztiak Baionako geltokian lanean ari diren langileen kezka eragin dute.

Eta, LAB sindikatuak egoera jakinaraztea erabaki du. Egoera horren aurrean, sindikatuak trenbide hori berritzeko baliabideak jartzea ezinbestekoa dela nabarmendu du. «Guztiek garapen iraunkorra finkatu behar dela zabaltzen duten heinean, trenbide hori desagerrarazita auto eta kamioi garraioari ematen zaio lehentasun argia. Ikusita petrolioa gaur egun zer egoeratan den, erran horietatik guztiz alderantzizko erabakiak hartzen dituztela ikusten dugu», nabarmendu zuen Jeronimo Prietok.

LABeko arduradunak, Perben garraio ministroak 2005ean kaleratu tren garraioei buruzko txostena agerian jarri zuen.

Bertan, argi uzten du ondoko hamar urteetan deus egiten ez bada abiadura txikiko tren gehienak ez direla egokiak izanen. «RFF egiturak du bere gain hartu behar obratze hori. Baina, ez zaizkio baliabideak ematen dena egiteko. Duela hilabete bat programa orokor bat kaleratu dute trenbideen berritze lanetan dirua jartzeko. Baina, dagoeneko ez dakigu Baiona-Garaziko lineak zerbait ukanen duen», burutu zuen.



Zerbitzu publikoak murriztuz
Nafarroa Beherean eta Zuberoan zerbitzu publikoak gero eta murritzagoak dira. Posta guneak pixkanaka desagertuz joan dira, eta beste zerbitzu asko murriztu dituzte. Egun Baiona eta Garaziko trenbidearekin gertatzen ari dena Gobernu frantsesaren «axolagabekeriarekin» lotu du LAB sindikatuak. -



Trenbideari eusteko aldarrikapenean herritarrek duten hitza
A.B.
DONIBANE GARAZI

LAB sindikatuak bere gain hartu du Baiona-Garazi lineari eustearen aldeko kanpaina. Hainbat ekimen bideratuak ditu jadanik, eta, baita proposamen zehatzak eginak ere. Lehenik, trena erabiltzen dutenekin izenpetze kanpaina martxan jarri du.

Hilabete batez 1.600 izenpetze bilduak ditu, eta horiek guztiak SNCF trenak kudeatzen dituen enpresako zuzendariei eta trenbide txikien kudeaketa bere gain hartu duen Akitania eskualdeari bidaliko dizkio. Eta, sindikatuaren erranekin bat eginez, trenbideari eustearen alde Nafarroa Behereko hamaika herrik deliberoak hartu dituzte. Hori egin ez duen herri bakarra Donibane Garazi zela nabarmendu zuen Prietok.

«Gure xedea da herritarrek gaia beren esku hartzea», adierazi zuen sindikatuko ordezkariak. Horretarako, izenpetze kanpaina hori Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa guztira zabalduko zutela jakinarazi zuen.

2x2 bidearen aurka bideratu duten borrokaren bidetik, Ipar Euskal Herriko kolektibo, elkarte eta instituzioekin harremanetan jarriko da ondoko hilabeteetan sindikatua.

Eta, trenbide horri eusteko baliabideak jartzen ez badira, LABek kolektibo eta elkarteekin batera ondoko udazkenean manifestazio bat antolatzeko asmoa zeukala gogorarazi zuen. Horretarako, ondoko irailean bilera bat antolatuko dute.

«LABek argi du garraio politika eskasia dagoela, baina, ez Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeetan soilik, baita Euskal Herri osoan ere. Gai horri buruzko benetako eztabaida publikoa abiatu behar dela uste dugu», gaineratu zuen Prietok. Eztabaida hori antolatuko den beha egon ordez, sindikatuak bere proposamena helarazia du.

Baiona-Garaziko linea berritzeko baliabideak jartzeko eskatzeaz gain, trenbide horrekin “Topo edo Metro” antzeko bat egitea proposatu zuen Jeronimo Prietok.

Metro edo topoa

«Baiona-Garaziko tren linearekin dirua galtzen dute. Horrek ez du erran nahi beharrik ez dagoela, baina gaizki kudeatua dago. Askotan ikusia izan dugu zerbitzu publikoak hobetzen direlarik herritarrek erabili izan dituztela», esan zuen. Sindikatuak, orduoro Baiona eta Donibane Garazi lotuko lituzkeen «metro» antzeko bat egitea irtenbide bat izan litekeela esan zuen.

Horrekin batera, intermodalitatea garatzea proposatzen zuen LABek. Betiere garapen iraunkorra hedatzearen ideiarekin, metro edo topo hori «elektrikoa» egiten ahalko luketela nabarmendu zuen Prietok.

Eta, zerbitzua herri guztietara hedatzeko gisa tren geltokitik autobusak antolatzen ahalko zirela gaineratu zuen.

«Hori izango zen zerbitzu publiko baten benetako definizioa. Nahi bada barnealdean dinamika bat atxiki eta herrien huste prozesua oztopatu, ezinbestekoa da horrelako zerbitzuak martxan jartzea», esan zuen.

Halere, botere publikoen nahiak ez dira horretan. AHTren proiektua guztien ahotan dagoen heinean, abiadura txikiko trenen lineak berritzeko eskainia izanen den dirua proiektu erraldoi horretan sartua izateko beldur da Jeronimo Prieto. «Akitanian lobby handia dago AHTrekin. Gainera, Akitaniako tren gidari guztiak Bordelen zentralizatzeko asmoa dute», esanda bukatu zuen.



Canfranceko trenbidearen adibide iluna

A.B.
DONIBANE GARAZI

Baiona-Garaziko linearekin gertatzen ari dena Canfranc geltokiarekin gertatu zenarekin konparatu zuen Jeronimo Prietok. Trenbidean izandako istripu baten ondorioz linea ixtea erabaki zuten. «Ongi etorri zitzaien agintari politikoei istripu hori, eta, asko pentsatu gabe itxi zuten linea», salatu zuen. Baiona-Garazi lineako burdinbidearen egoera ikusiz, horrelako istripua edozein egunetan gerta daitekeela esan zuen. «Trenbidea oso egoera larrian dago, eta, askotan, euri asko egiten duelarik lur jauziak izaten dira linean. Horiek konpontzeko orain arte enpresa bat zegoen Kanbo aldean, eta berrikitan itxi dute», gaineratu zuen. Prietok ulertarazi zuenaren arabera, askoren interesari erantzunen lioke trenbide hori desagertzeak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Decretan prisión para seis detenidos más y confinan en París a Madariaga
Euskal Herria
Secciones de UGT-Navarra abogan por suscribir el manifiesto de los sindicatos
Euskal Herria
«Euskal Herria es una, el conflicto es uno y la mesa debe ser una»
Kirolak
Suecia le abre la puerta de Berlín a un poderoso anfitrión
Euskal Herria
La solidaridad con los presos pudo más que el blindaje de la muga
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss