Lezama Bizirik herri ekimena legeztatu eta herritarren aurrean aurkeztu dute
Lezamako erroten inguruko ibilbidea egin zuten atzo Txorierriko udalerrian, eta horren ostean Lezama Bizirik auzo elkartearen aurkezpena egin zuten. Herri ekimena ez da berria, denbora luzea baitarama Bilbo inguruko Lurralde Plan Partzialaren eraginez informatzen eta horien aurrean salaketak egiten. Orain legeztatu egin dute.
LEZAMA
Lezama Bizirik herri ekimenaren lana aski ezaguna da Txorierrin. Izan ere, goi instituzioek bultzatutako egitasmoen aurrean herritar talde bat lanean hasi zen, eta proiektu horien gaineko informazioa zabaltzeari ekin zion, asmo horiek ekarriko lituzkeen eraginekin kezkatuta. Herri mugimendu horrek auzo elkartearen izaera hartu du, legeztatzeko prozedura bete ostean. Horregatik, atzo jaio berri zen elkarte horren aurkezpena egin zuten herrian.Auzo elkartearen sorrera ospatzeko, Lezama Bizirik-eko partaideei Goitioltzako erroten bisita egitea bururatu zitzaien. Inguru ederra da hori, eta ibilbidearekin aukera paregabea ikusi zuten lehenagoko Lezamaren berri izateko eta ondorengoei kontatzeko. Asmo horrekin, eta nahiz eta eguraldiak lagundu ez, 40 lagun inguruk hartu zuten parte goiz partean egin zen martxan. Ibilbidearen ostean udaletxearen atzealdean ekitaldi xumea egin zuten, martxan jarritako proiektu berriaren erronkez berba egiteko. «Herria izan dena eta izango denaren zubi gara gu geu, aldaketak onartzen dituen zubia, baina bere betiko izaerari eutsi nahi diona», adierazi zuten Lezama Bizirik-eko partaideek, eta zera gaineratu zuten:«Ez dugu onartzen zementuzko bloke handian gure xumetasuna zapaltzerik. Ez dugu onartzen erdi ezkutuko erdi azpijokoan engainatzen ibiltzerik, ama lurra gaixotuko duen txarrik, ez eta gure nagusien eta gazteen arteko harremana hautsi nahi duen prozesurik». Era horretara, elkarteko partaideek gogor kritikatu zutenAdministrazioaren jokabidea, bultzatzen dituen planei buruzko informazio zehatzik ematen ez duelako, eta herritarren parte-hartzea bermatzeko biderik ematen ez duelako. «Agintetik datozen mila planen panpin baino ez baino ez gaituzte bihurtu nahi», kexatu ziren lezamarrak. Hala ere, elkarrekin egin daitekeen indarra nabarmendu zuten, eta honezkero Lezama Bizirik-ek 110 lagun biltzen dituela azaldu zuten, hiru elkarte ere tarteko direla, (Zorrizketan,Eskolako Gurasoen Elkartea eta Oxangoiti). Bestalde, Txorierriren gainean dagoen Bilbo inguruko Lurralde Plan Partzialari adi dago auzo elkartea, Lakuako Exekutiboaren oniritziaren zain baitago, behin betiko onespena jasotzeko. Era berean, herriko arau subsidiarioak tramitatzen ari dira orain, eta prozedura horretan daude buru-belarri. Azaldu zutenez, 300 alegazio inguru aurkeztu dituzte, eta horiei administrazioak emango dien erantzunaren zain daude.
|