Txapela erdibanatzeko zorian izan ziren bizkaitarrak
Epaimahaiak txapela banatzerik izan balu, atzo Altsasun jokatu zen Eskolarteko finalean zuen egiteko abagune polita, puntu erdi baten gorabeheragatik irabazi baitzuen Arrate Illaro algortarrak txapela, Miren Amuriza bigarren utzita. Bizkaiak eta Ipar Euskal Herriak agindu zuten handien mailan, hiru ipartar eta bi bizkaitar pasatu baitziren kartzelakora. Txikien mailan Txomin Elosegi hazpandarrak jantzi zuen txapela, eta Ane Labaka lasartearra geratu zen bigarren. Ikastolen Konfederazioak antolatzen duen txapelketa honen berritasuna zuberotarrak izan ziren.
ALTSASU
Oso fuerte hasi zen atzo Miren Amuriza zortziko handian. Oier Aizpuruarekin egokitu zitzaion lan hori. «Zuen herriko neska bat bortxatu egin dute. Bortxatzailearen izena zabaldu dute. Zuen gertukoa da bera» gaia jarri zien Estitxu Fernandezek. «Iluntze hura joan zenetik ez da hilabete igaro/ eta egunak pasatu ahala orduan eta txarrago/neska gaixoa lur jota eta gu harriturik zeharo/gure laguna izatearren ez da errugabeago», hasi zen lehen bertsotik eta saio osoan zehar pisu handiko amaierak jaulkiz aritu zen, betiere azkar eta seguru erantzunez.«Gure aurrean mutiko fina, langilea ta apala/ ta orain berriz nola sinistu bortxatzaile hutsa dala/joan gaitezen komisarira tokatzen zaigun bezala/ sufriarazi duen bezala berak sufritu dezala», bota zuen bere bigarren bertsoan. Ez zion, noski, Miren Amurizak maila horri eutsi. Zortziko txikian gero txapela jantziko zuen Arrate Illarorekin suertatu zitzaion, bata zelai berdea duen golfzalea eta bestea zelaiak idor dituen baserritarra eta hor ere gainetik ibili zitzaion, baina kartzelakoan ez zuen jakin saioa biribiltzen eta puntu erdi batengatik Arrate Illarok jantzi zion txapela, distira izugarririk gabe, baina erregular aritu zelako. Baina, itzul gaitezen hasierara. Maddalen Arzallus hendaiarra, Arrate Illaro algortarra, Miren Amuriza berriztarra, Oier Aizpurua eta Hodei Iruretagoiena zarauztarrak, Mizel Mateo Bidarraikoa, Alazne Untxalo iturendarra, Patxi Iriart Hiriburukoa, Izar Mendiguren laudioarra, Jagoba Apaolaza gasteiztarra eta Aitor Arangoa Berruetekoa igo ziren hurrenez hurren agertokira. Bikaina izan zen Maddalenek egin zuen lehen agurra. «Berriro hemen nator kontu kantari/ hori bera neretzat da nahiko sari/ baina zer koño! ahal bada, heldu nahi dut goraino/entzule jakin/iaztik hona herri honekin zorretan nauzu/ bertsoz eskertu nahi dut Altsasu (bis)», kantatu zuen. Oier Aizpuruak Estitxurekin sartuz kantatu zuen:«A! nire aitak ere nahi luke zure sinadura/aitarenaren kontura/nola gaur zauden eskura/bere semea bi musurekin legoke gustsura», esan zion. Hodei Iruretagoaienak ere han bertan asmatu bide zuen agurrekoa, Burunda pilotalekuan banatu zen triptikoak zuen akatsa baliatu baitzuen kanturako: «Lehendabiziko arratsaldeon entzule zintzo, fidela/hemen begira hasi naiz eta hartu sorpresa itzela/ Koño! oraintxe konturatzen naiz mayor de edad naizela/jakin zazute gaurkoa nere azken aukera ez dela/ baina hala ere kantatu nahi det azkena balitz bezala», esan zuen triptikoa erakutsiz, paperak 18 urte dituela zioen arren, oraindik 17 dituelako. Dena den, txalorik gehien Apaolaza gasteiztarraren jotak bildu zuen.
Iparraldekoak bikain Esan bezala, Miren Amuriza hasi zen ondoen zortziko nagusian. Baina Patxi Iriartek ere ale bikainak utzi zituen Alazne Untxalorekin egin zuen bertsoaldian. «Herriko etxe huts bat gaztetxe bihurtu nahi duzue. Barrura sartu eta lehen gaua pasatzen ari zarete. Loak hartu ezinik zaudete», izan zuten gaia eta Ipar Euskal Herrian «herriko etxe» «udaletxe» denez, nahasketa logiko bat izan zuen Patxik. Alaznek kantatu zuen lehen bertsoa: «Gaztetxe ein nahiko genuke, herriko etxe huts baten/inork gehiok hau ez hartzeko ezin gera hemendik irten/Patxi, ez zaiten zu arrimatu eta aldamenetik ken/nik dakidala gaztetxeetan ez da inoiz lorik eiten». Patxik jarraitu zuen:«Orain artean ibili gira etxe polit baten xerka/herriko etxeak du teilatua, baditu lau bat pareta/baina ni ez naiz untsa senditzen, joan nahi nuke iheska/politikoen usain zikinak senditzen baitira-eta». Saio polita egin zuten zortziko txikian Oiar Aizpuruak, Maddalen Arzallusek eta Hodei Iruretagoienak. Elkar ezagutzeko deialdi publikoa egin eta hiru lagun bakarrik bildu zirelarik egin behar zuten kantuan. «Ondo miatu ditut aurre ta atzea/hiru bakarrik gara, nolako trantzea/nahiko dut hauekin bat ez saiatzea/hobe dut zarauztarrik ez ezagutzea», hasi zen Maddalen, nahiz eta etenaldi batzuekin ibili zen gero, bigarren bertsoan. «Ligatzea zen gure nahia ta apeta/ Maddalen ez du nahi, ez da berriketa/benga Oier etxera, egin zazu buelta/nik on bakarrarekin nahikoa det-eta», jarraitu zuen Hodeik. Ondo hasi zen Oier ere:«Bidali egiten nau mutilak, aibala!/sexuan gertatzen da musean bezala/ pareja ona edo esku mundiala/ta argi dago gaurkoan bat ere ez dala». Eta bikaina izan zen Hodiren bigarrena:«Oier nahiago dula hau da gurutzea/baina hobe izango degu saiatzea/ nik parejarik ez det, eskua bai zea!/ mundiala ez dakit, baina bai luzea». Neurri honetan Patxi Iriartek Izar Mendigurenekin egin zuen bertsoaldia ere ederra izan zen, azkar eta ondo kantatzen baitu mutilak. Miren Amuriza, Mizel Mateo, Arrate Illaro, Patxi Iriart eta Maddalen Arzallus pasatu ziren kartzelako saiora eta ez zuen inork distirarik lortu. Garbi zegoen Miren Amuriza txapeletik oso hurbil zebilela, baina Arrate Illarok eman zuen ezustekoa. Maddalen Arzallusek azken agurrean (irabazleak ezagutu baino lehen)aitortu zuen ez zela bere eguna izan: «Hemen daude oporrak, iritsi da uda/ bikinia janzteko garaia heldu da/ baina nonbait zerua ez dago gustura/euria ta trumoia botaz Altsasura/ nere bertsoak soilik entzun al ditu ba? (bis)». Burunda pilotalekua jendez beterik zegoen eta giro polita egin zuen trumoi eta euri jasa horiek gorabehera.
«Aupa Johañe, biba Gillen»
Patxi Iriart izan zen atzoko egunak zuen balio sinbolikoa azken agurrean ondoen biribildu zuena:«Sara zokotik Sohütaraino bertso lanaren esklabo/ milesker Karlos gaur zuri esker jo dugulako ordago/ez naiz txapeldun ongi badakit, baina hau ez zait arraro/Aupa Johaiñe ta biba Gillen, zuei esker pozik nago/zuen bertsuek balio dute txapel hau baino gehiago».Ez zen Karlos Aizpuruaren lana goraipatu zuen bakarra izan, Mizel Mateok ere gauza bera egin baitzuen, «irakasle on bat dugulako mila esker zuri Karlos», kantatuz. -
«Ofiziotako bigarren gaian Johañerekin egokitu zait eta oso ondo moldatu gara»
Txomin ELOSEGI |
Txikien mailako txapelduna
Ez du urterik egiten Ipar Euskal Herriko finalean ezustekorik eman gabe eta atzo txikien mailako txapela eraman zuen Hazparnera. Txomin Elosegi pozik zegoen lortutako txapelarekin. Zenbat urte dituzu eta noiz hasi zinen
bertsotan? Hamalau urte ditut. Bederatzirekin hasi nintzen Hazparneko bertso eskolan eta orain Kanboko bertso eskolan nabil. Karlosekin hasi nintzen eta Karlosekin jarraitzen dut. Kanboko kolegioan ari naiz orain ikasketak egiten eta horregatik nabil bertako bertso eskolan. Ximun Kazaubon, Antxon, Estitxu, Maiana eta beste zenbait ikaskide baditut. Nola joan zaizu gaurko saioa? Hastapeneko agurrarekin hasi gara. Agurrak ere gaia emanda egin ditugu eta toki ezberdinetatik etorri garenez, bakoitzak bere jaioterriaz kantatzeko esan digute. Nik Hazparne herria aurkeztu dut. Zer kontatu duzu Hazparne herriaz?
Erran dut Hazparne herri polita zela, baina euskarak bertatik ihes egin behar izan zuela frantsesa iritsi zelako. Eta euskaraz salbatzeko Hegoaldearen babesa behar zuela erran dut, kontuan izanik Hegoaldean ginela. Hurrengo ariketan lau oinak emanda aritua
zara. Zein izan dira lau oinak? Ez naiz oso ondo oroitzen: «zalea, gabea, eskalea eta kalea». Erran dut eskale bat nintzela, nire etxea zela kalea eta nintzela diru gabea. Nahikoa ondo lotu ditudala uste dut. Ofiziotako gaiaren ondoren sei pasatu zarete bigarren fasera eta hitza emanda kantatu. «Biharamuna» izan da hitza eta besta biharamunaz aritu naiz. Egia esateko, oso bestazalea naiz eta ondo moldatu naiz. Besta ona dela eta biharamuna ez dela hain ona adierazi behar izan dut. Zenbat zarete etxean? Gurasoak eta arreba. Arreba ere hasi zen, baina utzi egin zuen. Gurasoak ere bertsozaleak al dira?
Lehen ez ziren hainbeste, baina ni hasi naizenetik zaletu dira. Etorri dira saioa ikustera. Johañerekin egokitu zaizu ofiziotako
bigarren gaia. Nola moldatu zarete? Oso ondo. Gauza oso irrigarriak esaten zituen. San Joan bezpera zen gaia. Sua piztu dugu, baina ezin genuen itzali. Nola banatu dituzue egitekoak bion artean?
Johañeri sua itzaltzeko agindu diot eta sua itzaltzeko ez zaiola gasolioa bota behar. Eta sua piztu nahi duenak itzaltzeko ere gai izan behar duela esan diot, baina berak ere oso ondo erantzun dit eta jendea oso pozik egon da entzuten. Zure lehen txapela izan al da? Ez da lehen txapela, Iparraldekoa jantzi nuen taldeka. Euskal Herrikoan janzten dudan lehen aldia da eta sekulako poza eman dit. -
J.A.
|