GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-06-25
San Bizenteko gargolak kalera jaitsi dira
Donostiako San Bizente elizako gargolak kaletik urruti daude, eta dezente higatuta, ez baitute ia 500 urte bertan alferrik eman. Beraz, askotan oharkabean pasatzen dira, eta horrela ez denean ere, zaila da irudien xehetasunak antzematea. Traba hori gainditzeko argazki erakusketa antolatu du Xabier Arzelusek.

DONOSTIA

«San Bizente ondotik pasa eta hor ditugu gargolak begira. Guk, aldiz, ezin ditugu haiek ikusi haiek gu bezain ongi. Horregatik, teleobjektiboz banan-banan erretratatu, eta, parrokoarekin adostuta, erakusketa egin dut, jendeak gertuagotik ikusteko aukera izan dezan», esan du Xabier Arzelusek.

Hemezortzi dira guztira San Bizenteko gargolak, baina elizako bertako kaperan egunotan ikusgai jarri dituzten argazkietan hamalau bakarrik daude, «interesgarrienak».

Argazkiei esker, bisitariak kaletik sumatu ere ezin dituen irudiak bertatik bertara ikusteko aukera du. Hor dira, esaterako, lepoan otarre bat daraman emakumea, gitarra jotzen eta aldi berean kantatzen ari den musikaria, ume bat arrain handi batekin edota haurrari bularra ematen ari zaion ama. Badira ere hiru herensuge, saguzar bat eta katu antzeko bat. Baita bizkarrean burezur bat daraman eta beldurraren beldurrez oihu egiten omen duen gizon bat ere. Arzelusi gehien gustatzen zaiona gizon bizardun baten itxura duena da. «Itsasontziek brankan izan ohi zuten maskaroi horietakoa dirudi».

Gargola hauek noizkoak diren ez dago zehatz-mehatz esaterik, baina, itxura guztien arabera, XVI. mendekoak dira. Izan ere, Felix Garitano parrokoak gogorazi duenez, datorren urtean eliza eraikitzen hasi zireneko 500. urtemuga ospatuko dute. «Parrokia lehenagokoa da, XII. mendekoa, baina jatorrizko tenplua oso zahartuta zegoela-eta, 1507an ekin zioten oraingoa eraikitzeari, eta gargolak garai hartakoak direla ematen du», esan du Garitanok.

Gargolek ura teilatutik behera bideratzea zuten helburu. Izan ere, euskaraz xurrutarria da gargolaren sinonimoa. Baina San Bizentekoek aspaldi utzi zioten lan hori egiteari. Dena dela, bigarren helburu bat ere bazutela gogorazi du Arzelusek. «Herensuge itxura-eta duten gargolek eliza babesten dute kanpotik etor daitezkeen parte txarreko espirituetatik». Bigarren langintza horretan tinko jarraitzen omen dute San Bizenteko gargolek.

Erakusketa uztailaren 2 arte ikusi ahal izango da.



Ezetz ausartu!
Martin ANSO

Euskal tradizioaren arabera, arriskutsua da elizen (edo hilerrien) inguruan hainbat buelta segidan egitea, parte txarreko arima bat ager daitekeelako, beste mutila, agian, edo Herio bera. Tradizioa gogoan, San Bizente ondotik pasatzean, behin baino gehiagotan pentsatu dut goitik begira ari diren gargolak berpiztu egingo zirela, baldin eta elizaren inguruan hainbat buelta egingo banitu. Behetik ikusita, behintzat, izugarriak dirudite gehienak, eta piztia horiek haragiztatuta ikusteko tentaldia handia den arren, inoiz ez naiz bueltak egitera ausartu. Lehengoan, alabaina, Xabier Arzelusen argazkiek gargolak bertatik bertara ikusteko aukera eman zidaten. Aurrez aurre begiratuta, ez dira urrutitik bezain izugarriak. Batzuek sinpatiko itxura eta guzti dute. Berehala etorri zitzaizkidan gogora “Gremlins” filmaren protagonistak. Horrek animatuta, San Joan gauean ­urteko gaurik magikoenean, alegia­, San Bizentera joan nintzen, elizaren inguruan hainbat buelta egingo nituen erabaki sendoa hartuta. Lehenengo buelta egin eta, to, gogora etorri zitzaidan beste film bat, “Jurassic Park”. Gogoan al duzue dinosauro txiki sinpatiko hura, autoan zihoan potolo betaurrekoduna jan zuena? Ez? Ba nik une hartantxe gogoan hartu nuen, eta elizako munstro ustez sinpatiko haiek, haragiztatuta, haren antzera jokatzen imajinatu nituen. Bizkarrezur aldean izerdi hotza nabaritzen hasi nintzen, eta, bigarren buelta bukatu baino lehen, hura bertan behera uztea erabaki nuen. «Total ­esan nion neure buruari, lasaigarri, handik di-da batean ospa egin baino lehen­, tradizioak ez du zehazten zenbat buelta egin behar diren, ezta erloju orratzen norabidean edo kontrakoan egin behar diren ere». Kakati bat naizela? Tira, ba; egin froga zuk, eta gero kontatu... esperientziatik kontatzeko moduan ateratzen bazara, behintzat. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Decretan prisión para seis detenidos más y confinan en París a Madariaga
Euskal Herria
Secciones de UGT-Navarra abogan por suscribir el manifiesto de los sindicatos
Euskal Herria
«Euskal Herria es una, el conflicto es uno y la mesa debe ser una»
Kirolak
Suecia le abre la puerta de Berlín a un poderoso anfitrión
Euskal Herria
La solidaridad con los presos pudo más que el blindaje de la muga
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss