Estatu frantsesa gatazkaren parte dela esan eta presoen eskubideak aldarrikatu dituzte
BAIONA
«Euskal presoen kontrako il- doak frogatzen digu, frogatzerik beharrezkoa bada oraindik, Estatu frantsesa Euskal Herriak pairatzen duen gatazka politikoan buru-belarri sartua dagoela». Horixe adierazi zuten atzo, Ibaetako Foroaren agiria irakurtzeko orduan, Pantxine Duhartek (euskaraz) eta Estanis Etxaburuk (frantsesez). Era berean, presoen eskubideak errespeta ditzatela eskatu zuten.«Hemen bildu gira mezu argi bat bidaltzeko Estatu frantsesari», esan zuten. Ez alferrik; «izan ere, euskal preso politikoen kolektiboaren %25 dago preso bertan». «Estatu frantsesak behin eta berriz dio Euskal Herriak pairatzen duen gatazkan ez duela ezer ikustekorik; alta, euskal presoen politikoen kontrako errepresioa areagotzen ari da», azaldu zuen Ibaetako Foroak. Baionako Herriko Etxearen aurrean gogor salatu zituzten bi estatuek ezarritako presoen kontrako zigor neurriak; besteren artean, tratu txarrak, mediku zaintzaren gabezia, ahaide eta lagunekiko komunikazio murrizketa, euskarazko komunikazioei oztopoa, ikasketak segitzeko arazoak, amatasun eta aitatasun eskubideak urratzea eta baldintzapeko askatasunari jarritako trabak. Horrekin guztiarekin batera sakabanaketak eragindako egoera gogorarazi zuten hizlariek. «Gaur egun %2 baizik ez dago preso Hego Euskal Herriko presondegietan, eta Bainan nehor».
Edozein dela egoera politikoa
ETAren ekintzen etenaldia aipatu ostean, zera esan zuten: «Fase politiko honetan, konponbideari begira, euskal preso politikoen auzia gai nagusia da». Halere, ohartarazi zuten «edozein egoera politikoan ere» eskubideen jabe izan behar dutela. «Euskal preso politikoei ezin zaie giza eskubideak aitortu egoera politikoaren edo prozesuaren arabera», zehaztu zuten.Horrenbestez, sakabanaketa amaitzeko, oinarrizko eskubideak errespetatzeko, baldintzapeko askatasuna bideratzeko eta presoen izaera politikoa aitortzeko eskatu zuen Ibaetako Foroak.
|