2004ko azaroan atxilotutako Robert Arricau aske da
PAUE
Robert Arricau, 2004. urteko azaroan atxilotutako Paueko bizilaguna, etxean da berriz ostiralaz geroztik. Montauban-go espetxetik utzi zuten aske, defentsak hori eskatu ondoren. Orain, astean behin sinatzera joan behar du Arricauk, epaiketa egin arte. Orain ez dago horretarako datarik.Beste askoren artean Mikel Albisu eta Marixol Iparragirre atxiloturik izan ziren sarekada berean harrapatu zuten Arricau. Hark gero salatu zuenez, presio handiak jasan zituen polizien partetik, eta, ondorioz, hura atxilotua izan ondoren Askatasuneko eledun Jean-Fran- cois Lefort ere kartzelatu egin zuten, ETAko kideei laguntza emateko akusaziopean. Robert Arricauk hori guztia gezurra zela eta polizien mehatxupean egin zituela adierazpenak adierazi zion gero epaileari. Sarekada berean anaia eta koinata ere atxilotu egin zituzten, Albisu eta Iparragirre beren etxean hartzea leporatuta. Hilabete batzuetara aske utzi zituzten bi horiek, baina Robert Arricau ostirala arte espetxean izan da. Duela hilabete bat manifestazioa egin zuten Pauen hura aska zezatela eskatzeko. 120 pertsona inguru bildu ziren. Anaram au Patac alderdiaren babesa zuen ekimenak, bai eta Liberta ta Robert plataformarena ere.
|