Maixabel GAZTAÑAGA | LABeko Emakume Idazkaritzako arduraduna
«Sexu jazarpenaren biktima baztertua geratzen da»
Sexu jazarpena emakume askok isilean pairatzen duten
indarkeria mota dela nabarmendu du LABeko Maixabel Gaztañagak.
Sexu jazarpena Euskal Herriko lantokietan izaten al da?
Lan munduan izaten den indarkeria hau ezkutatuan egoten da. Oso zaila da horren gaineko datuak kaleratzea, baina horrek ez du esan nahi ez dagoenik. Duela gutxi, Estatu espainolean egindako ikerketa baten datuak publikatu dituzte, eta emakumeen gehiengoak jazarpen mota hau jasaten duela baieztatzen du txostenak. Euskal Herrian ez dugu daturik, oraindik ez dutelako inongo ikerketarik egin. Hala ere, zailtasun handiak daude benetako errealitatea islatzeko. Izan ere, salatzen diren kasuak benetan izaten direnen %10 besterik ez dira.
Zergatik ez dira salatzen?
Hainbat arrazoi daude: lotsa, sinesgarritasun falta eta beldurra, lankideek zer esango duten beldurra, alegia. Biktima baztertua geratzen da askotan, eta lankideek erasotzailea babesten dute.
Sexu jazarpena egon den ala ez identifikatzeko ere arazoak daude, ezta?
Garbi geratu behar dena zera da: pertsona batek egoera bat jasan nahi ez duenean, besteak hori errespetatu behar du. Muga hor dago.
Zergatik izaten da indarkeria mota hau?
Gizonen eta emakumeen artean dauden harreman desorekatuen ondorioa da, bizitzako beste esparruetan izaten den indarkeriarekin gertatzen den bezala. Era berean, ezin dugu ahaztu lan merkatua eratu zenean emakumea esparru horretatik kanpo zegoela. Lan arloan sortu diren arauak, beraz, gizonezkoek eginak dira. Beste arrazoi bat da emakumeen eta gizonen egoera lan merkatuan oso desberdina dela, datuek egunero gogorarazten diguten bezala. Lan merkatuan emakumeek pairatzen duten egoera diskriminatuak, beraz, horrelako indarkeria motak ahalbidetzen ditu. Ez da kasualitatea sexu jazarpena jasaten duten emakumeen artean gazte asko egotea. Lan merkatura lehen aldiz sartu dira, beraz, ez dute bertako araudia hainbeste ezagutzen. Eta, horrekin batera, lan prekarioenak haiek dituzte. Gazteekin batera, alargunak eta banandutako emakumeak ere badaude, lana hartzera behartuak dauden bi kolektibo, hain zuzen ere.
Jazarpen mota hau gizonek ere pairatzen al dute? Europako datuek esaten dute kasu horiek gero eta
gehiago direla. Dena dela, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko pertzepzioa
desberdina izaten da. Emakumeak beldurtuta sentitzen dira, eta lana utzi ala ez
zalantza egiten dute. Ikerketek diote gizonek beste modu batean ikusten dutela.
Normalean, joera dute pentsatzeko arazo horri aurre egiteko gai direla.
LABek zirriborro bat prestatu du arazo honi aurre egiteko. Zer proposatzen duzue?
Bi ardatzen gainean egin dugu lan: alde batetik, prebentzioan; eta, bestetik, arazoari eman behar zaion erantzunean. Prebentzioari dagokionez, lan hitzarmen guztietan klausula berezia sartzen ari gara hainbat punturekin. Adibidez, identifikazioa arazo larriena bada, garbi geratu behar da sexu jazarpena zer den. Era berean, protokolo bat abian jartzeko eskatzen zaio enpresari, baita sentsibilizazio kanpaina bat egin dezala ere. Erantzunari dagokionez, esaten duguna da ezinbestekoa dela prozedura bat irekitzea, langileek jakin dezaten salaketa nola bideratu. Arazoa da enpresa gehienetan hori dena jasota dagoela jadanik, politikoki zuzena delako, baina ez dago garatuta. Erakundeetan beste hainbeste gertatzen da. -
|