- TKE
Zarauzko Estropadek etorkizuna ziurtatu dute
DONOSTIA
Traineruen Kluben Elkarteak (TKE) antolatzen duen San Miguel Ligako hitzordurik garrantzitsuena dira askorentzat Zarauzko Estropadak. Izan ere, jardunaldi bitan jokatuko den proba izango da, eta diru-sariak ere TKEko handienak dira 50.000 euro banatuko dituzte parte-hartzaileen artean. Hori gutxi balitz bezala, hurrengo urte bietan ere proba jokatzea ziurtatuta dute Zarautz Arraun Elkarteak, bertako Udalak eta TKEk 2007an abuztuaren 18an eta 19an jokatuko da; eta 2008an, berriz, abuztuaren 16an eta 17an.
Bihar izango da aurtengo Zarauzko Estropadetako lehen proba, 18.30ean. Pasai Donibane, Laredo, Zumaia eta Mecos arituko dira lehendabiziko txandan; eta bigarrenean, berriz, Urdaibai, Arkote, Zarautz eta Cabo da Cruz izango dira uretan. Ohorezkoan, aldiz, Orio, Pedreña, Castro eta Hondarribia izango dira protagonista.
Bigarren proba, ostera, igandean jokatuko dute, 12.00etatik aurrera. Txandak San Miguel Ligaren arabera antolatuko dituzte, eta orduan jakingo da Zarauzko XXIX. Estropadetako Ikurrina nork irabaziko duen. Horretarako larunbateko eta igandeko proben denborak izango dituzte kontuan, eta bienak gehituz kronorik onena egindako ontziak eskuratuko du garaipena.
San Miguel Ligari begira, baina, proba bietan izango dituzte puntuak jokoan parte-hartzaileek.
|