Unai ARTETXE
DONOSTIA
Iñigo Leitzak eta Oier Zearrak ustekabea eman nahi dute gaur 22.00etan Aritzbatalden jokatuko duten Zarautz Hiria Torneoko bigarren finalerdian. Ez da erraza izango, aurrean Oinatz Bengoetxea eta Patxi Ruiz izango baitituzte, eta horiek oso bikote indartsua osatzen dute.
Leitzak eta Zearrak joan den igandean lortu zuten finalerdietan egoteko txartela, orduan Titin III.a eta Lasa III.a faboritoak zirenak 22-21 garaituta. Partida ona jokatu zuen orduan Asegarceko bikoteak. Leitza oso ondo moldatu zen aurreko koadroetan, eta Titin III.a baino gehiago izan zen une batzuetan. Erasoan ausart jokatu zuen lemoaztarrak, eta hogeita banakoarekin bere gantxo batek erabaki zuen garailea. Zearra ere sendo aritu zen, eta ohi bezala, galdakoztarrak oso pilota gutxi galdu zituen.
Ikusi beharko da, baina, gaur nola moldatzen diren Bengoetxea VI.ak eta Patxi Ruizek osatzen duten horrelako bikote baten aurka.
Leitzako aurrelaria oso pilotari arriskutsua da. Erraz amaitzen ditu tantoak, eta defentsan oso azkarra da. Patxi Ruiz, berriz, oso memento onean dago. Eskuetatik arin irteten zaio pilota, eta aise menderatzen du beste atzelaria. Partida interesgarria, beraz, finalerako txartela jokoan baita.