DONOSTIA
Ostiralero legez, Donostian presoen eskubideen alde egiten duten elkarretaratzean Algecirasko espetxean hamahiru egun gose-greban bete duen Iñaki de Juanaren egoera nabarmendu zuten Konstituzio enparantzan 300 pertsona bildu zituen manifestazioaren ondoren egindako ekitaldian. Bertan, De Juanak ezarri zioten zigorraren hiru laurdenak 2000. urtean bete bazituen ere ez zutela askatu ekarri zuten gogora. «2004ko urrian jarritako kondena oso-osoa bete zuen eta horrekin ere ez zuten kaleratu. GARAn bi artikulu idazteagatik 96 urteko kartzela zigorra ezarri nahi diote gaur. Salbuespen neurri hauei aurre egiteko gose-greba batean hasteko erabaki gogorra hartu du», nabarmendu zuten.
Preso ugari
Dena den, De Juanaren egoera ez dela salbuespena adierazi zuten. «PSOE eta UMP alderdiek gure senideei dagozkien eskubideak urratzen dizkiete etengabe», salatu zuten. Gauzak horrela, nahiz eta gaixo egon Juan Jose Rego Vidal espetxean mantentzen dutela, Aintzane Orkologak Versaillesko espetxean bakarrik bi urte daramatzala, Kristina Getek duele urtebete umea eduki zuela eta baldintza gordinetan hezi behar duela eta azkenik, nahiz eta ezarritako zigor osoa bete Iñaki de Juanak eta Txomin Troitiñok kartzelan segitzen dutela salatu zuten. «Hauek gure senideei aplikatzen zaizkien salbuespen neurrien adibide batzuk dira», adierazi zuten.
Horrekin batera, egun 60 donostiar Estatu espainoleko eta frantseseko kartzeletan sakabanatuta eta «espetxe politika krimial batean» dituztela eta dozenaka donostiar iheslari politiko mundu osoan barrena daudela salatu zuten.
Gauzak horrela, dei egin zioten PSOEri eta UMPri «amnistiaren bidean senide preso eta iheslari politikoak dagozkien eskubide guztien jabe izanik Euskal Herrira ekartzeko eta egun indarrean dituzten salbuespen neurriak amaitzeko».
Atzo Algeciraseko ospitalera eraman zuten De Juana frogak egiteko, Efe agentziak adierazi zuenez espetxeko iturriak aipatuz. Ondoren, kartzelara eraman zuten berriz.
Bestalde, presoen eskubideen aldeko mobilizazioak izan ziren herri hauetan:Zarautz (150), Berriozar (40), Bera (12), Mundaka (39), Getaria (30), Gasteiz (225) eta Iruñea (180).