GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-08-19
Gorka URBIZU | Berri Txarrak taldeko kidea
«Euskal Herritik kanpo jotzea ezinbesteko bihurtu zaigu»
Urrian «Jaio. Musika. Hil» argitaratu zutenetik, Berri Txarrak taldekoak batera eta bestera ari dira, etengabe. Aurten laurogei kontzertu eman dituzte, horien erdia Euskal Herritik kanpo, Mexikon, Irlandan, Suitzan edo Estatu Batuetan. Baina Lekunberrikoak ez omen dira horregatik nekatu, eta, Rise Againstekin batean, abuztuaren 28an hasiko dute Europako zazpi herrialdetan jotzera eramango dituen bira. Horrela biribilduko dute ezin oparoagoa izan den ziklo bat.

Gorka Urbizuk (ahotsa eta gitarra), Aitor Goikoetxeak (bateria) eta Mikel Lopezek (baxua) osatzen dute Berri Txarrak. Aspalditik da euskal rockaren panoramako talderik sendoenetako bat, baina loraldirik oparoena, batez ere nazioartekoan, bosgarren diskoari esker iritsi zaie Lekunberrikoei. Izan ere, iazko urrian “Jaio. Musika. Hil” argitaratu zutenez geroztik, etengabe ari dira batera eta bestera. Hurrengo erronka ere Europako hiririk garrantzitsuenetan jotzera eramango dituen bira dute. Horren berri ematen du Gorka Urbizuk.

­Ondoko asteetan Europan barrena ibiliko omen zarete.

Rise Against Chicagoko taldea Europara dator, bira baten bidez “The Suffering & The Witness” disko berria aurkezteko. Eta haiekin batera jotzera gonbidatu gaituzte. Abuztuaren 28 eta irailaren 13 bitartean, hamahiru kontzertutan parte hartuko dugu Alemanian, Suitzan, Belgikan, Holandan, Estatu frantsesean, Ingalaterran eta Eskozian. Europako hiribururik garrantzitsuenetan joko dugu, hala nola, Hanburgon, Zurichen, Anberesen, Amsterdamen edota Parisen, eta, gainera, batzuetan, behintzat, areto mitikoetan. Londresen, esaterako, Mean Fiddler-en; eta Berlinen, berriz, So 36an.

­Pagotxa ederra, alegia.

Oso bira erakargarria da, dudarik gabe. 1.000 eta 1.500 lagunentzako aretoetan jotzeko aukera ematen digu; leporaino beteta egongo diren aretoetan, gainera. Izan ere, Rise Against Estatu Batuetako punk-rock talderik indartsuenetako bat da. Guk ez dugu zehatz-mehatz punk-rock egiten, baina gustatzen zaigu, eta gure musika heienarekin bateragarria da.

­Nola sortu zen Rise Againstekin duzuen harremana? Tim McIlrath kantariak berak zuen aurreko diskoan parte hartu zuen, «Libre»n.

Asko gustatzen zaigun taldea da. Hori dela-eta, gure diskoak bidali genizkien eta, handik urte erdira-edo, Timek berak erantzun zigun posta elektronikoaren bidez asko gustatu zitzaizkiola eta gurekin kolaboratzeko prest zegoela esanez. Une hartan gure «nazioartekotze» prozesua oraindik hasi gabea zela kontuan izan behar da. Gero, Iruñean jo behar zuten batean aprobetxatuz, bertatik bertara elkar ezagutzeko aukera izan genuen, eta harrezkeroztik ez dugu lotura galdu.

­Artean zuen nazioartekotzea hasi gabea zela nabarmendu duzu. Izan ere, «Libre» plazaratu ondoren hasi zineten Euskal Herritik kanpo jotzen.

Bai, orduan jo genuen lehen aldiz Alemanian, Danimarkan eta Ingalaterran. Baina “Jaio. Musika. Hil” plazaratu genuenez geroztik, prozesua izugarri azkartu da.

­Hasteko, disko hori hemendik kanpo grabatu zenuten.

Kansasen, bai, Ed Roserekin, Kurt Cobain edo The Get Up Kidsekin lan egin duenarekin. Han geundela aprobetxatuz, Estatu Batuetan bertan ez ezik Nikaraguan eta Mexicon kontzertuak egin genituen. Gero, Irlandan, Alemanian, Suitzan... “Jaio. Musika. Hil” atera genuenetik oraindik urtebete pasatu ez dela, kilometro eta kontzertu asko eta asko egin dugu.

­Zenbat da kontzertu asko?

Laurogei bat egin ditugu.

­Horietatik zenbat Euskal Herritik kanpo?

Erdia, gutxi gorabehera.

­Kanpora ateratzea ezinbestekoa dela uste al duzue?

Kanpora ateratzea, polita izateaz gain, garrantzitsua da egin beharreko bidea egiten joateko. Euskal Herrian jotzea zoragarria da. Bost diskoren bueltan eta oraindik jendearen berotasuna nabaritzea gauza handia da. Baina atera kontuak: aurten berrogei bat kontzertu egin ditugu Euskal Herrian. Egon ginen sanferminetan, herenegun Donostiako Aste Nagusian eta datorren ostiralean Bilbon egongo gara. Gasteiztik ere deitu ziguten, baina atzera egin genuen dosifikatu beharra zegoela ikusi genuelako, ezin gare- lako leku guzti-guztietan egon. Horrela gauzak, hemendik ateratzea oxigenoa da guretzat, ezinbesteko bihurtu da. Ikus-entzule berrien aurrean gure ilusioa suspertzen da. Beraz, etxeko eta kanpoko kontzertuen arteko oreka bilatu behar dela uste dugu.

­Terroristen lagun omen zaretelako Espainia aldean egin zizueten boikotak oraindik ere jarraitzen al du?

Bai, zeharka, baina jarraitzen du. Oraindik ezin izan dugu Madrilen baldintza normaletan jo. Otsailean egon ginen han, 300 lagunentzako areto batean. Astegun buruzurietan jo genuen, astearte eta asteazkenean, kartelen bidez-eta aldez aurretik iragarri gabe. Eta, hala ere, aretoa bete egin zen. Beraz, egoera normala balitz, Madrilen areto handi batean jotzeko aukera izan beharko genuke. Baina, gezurra badirudi ere, arazoa oraindik hor dago.

­Espainiatik kanpo ederki zabiltzatela kontuan izanik, zein puntutaraino da «arazo»?

Izan, bada. Guk Madrilen publiko bat dugu; asko maite dugun publiko bat, gainera. Taldea goraka doa, eta Madrilen ere goraka joan beharko luke, eta guri horrek bide naturaletik jarraitzea gustatuko litzaiguke. Beraz, izan, bada arazo. Hori bai, gu ez gara kikilduko. Gu musika talde bat gara eta gure kantuen hitzak hor dira. Hain justu, hitz horiengatik izan gara zentsuratuak, hitz horiengatik eta gatozen lekutik gatozelako, jakina. Baina, aldi berean, horrelako publizitate estrarik ere ez dugula nahi garbi esan beharra daukagu. Izan ere, Madrilen ez ezik Galizian edo Valentzian ere arazoak izan ditugu, eta nahiago izan ditugu alde batera utzi.

­Munduan barrena ibiltzen hasi zinetenez geroztik, zenbat aldiz entzun behar izan duzue zergatik ez duzuen ingelesez kantatzen?

Askotan, gehiegitan. Baina horrelako gauzak entzuteko ez duzu oso urrutira joan behar. Dagoeneko bost disko bizkarrean ditugun arren, oraindik ere Iruñean bertan galdetuko digute ea zergatik ez dugun gaztelaniaz edo ingelesez egiten. Euskaraz ez egitea omen da kontua. Egia esan, nekagarria da. Baina arazo hori ez dagokio bakar-bakarrik gure hizkuntza «txikiari». Hain barneratua dugu nazioartean entzuten den musikak ingelesez izan behar duela, ezen, esaterako, alemanez egiten duen Ramstein taldea ere salbuespen moduan geratzen ari den. Galdera ez da zergatik ez dugun gaztelaniaz edo ingelesez egiten; galdera da ea Lekunberriko talde batek euskaraz egitea harrigarria den. Gure ustez, ez.

­Baina hizkuntzaz aldatzeko eskaintzarik edo tentaldirik izan duzue, seguru.

Egia esan, Estatu Batuetan grabatu genuenean, Ed Rosek berak esan zigun guk ingelesez kantatuz gero aukera ikusten zuela, eta bere kontaktuen bidez laguntzeko prest ere agertu zen. Berri Txarrak talde euskalduna da, ordea, eta ez dut uste hori aldatuko dugunik. Gu modu naturalean txertatuta gaude euskal kulturaren barruan, eta harro gaude.

­Herenegun Donostian jo zenuten; eta datorren ostiralean, berriz, Bilbon arituko zarete. Hori izango da, gainera, Europan barrena abiatu aurretik Euskal Herriko musikazaleekin azken hitzordua. Zerbait berezia prestatu al duzue?

Errepertorio aldetik-eta, ez. Kontzertuok apartak izaten dira jendetza handia eta askotarikoa biltzen dutelako. Baina, topikoa den arren, nahiago ditugu leku txiki eta itxiak. Soinua hobea da, ikus-entzuleak gertuago sentitzen ditugu... eta, zergatik ez esan, ez dago euripean jotzen bukatzeko arriskurik. -



«Hiru minutuan dena esaten duen kanta horietako bat egitea da zailena»
Rise Againsten eskutik Europan barrena egingo duten birak Lekunberriko taldearen ziklo bati amaiera emango diola uste du Gorka Urbizuk.

­Eta Europatik bueltan?

Taldearen ziklo bat itxiko dela uste dugu. “Jaio. Musika. Hil”ekin orain arte laurogei kontzertu egin ditugu eta bira hau, aukera baino gehiago, oparia da guretzat, ziklo bat biribiltzeko aukera. Urrian hitzordu batzuk ditugu, baina gero kontzertuz kontzertu ibiltzeari utziko diogula pentsatzen dut, gogoeta eta kantu berriak egitearen mesedean.

­Hamar urtean, bost disko grabatu dituzue. Hots, bi urtean behin, disko berria. Beraz, 2007an tokatzen da. Gainera, taldearen hamargarren urtemuga izango da. Zerbait berezia egiteko asmorik?

Berri Txarrak, berez, bizpahiru urte lehenago sortu genuen, baina, bai, gure lehen diskoa 1997an atera zen plazara. Beraz, talde «beteranoa» gara, eta horrek beldur pixka bat ere ematen du. Mementoz, ez dugu ezer berezirik pentsatu eta, gainera, ez gara horrelako ospakizunen zale. Zuzeneko disko bat ateratzeko garaia dela esan digute lagun batzuek, baina guri zuzeneko emanaldiak bai baina zuzeneko diskoak ez zaizkigu gehiegi gustatzen. Gainera, oraindik sortzeko gogoa dugu, ez atzera begiratzeko gogoa. Beharbada guri ere iritsiko zaigu noizbait iragan-mina, edo ideiak agortuko zaizkigu, eta egindako bidea atzera berriz egiten hasiko gara. Baina oraingoz, behintzat, ez. Oraingoz, aurrera begira ari gara, disko berri bati begira.

­Zerbait aurreratzeko moduan al zaude?

Ez. Beti dago zerbait, oharrak-eta. Baina konposatu, konposatu, lokalean hirurak sartu arte... Izan ere, kontzertuak jotzen ari garenean, kontzertuetan ari gara buru-belarri. Gero, berriz, kontzertuak alde batera utzi eta diskoa lantzeko hiruzpalau hilabetez «kobazuloan» sartzen gara. Hala, estilo aldetik-eta, diskoari batasuna ematen diogu. Puskaka konposatuz gero, berriz, tinkotasuna galtzeko arriskua dago.

­Nolanahi ere, datorren urtean disko berria.

Datorren urtean zerbait aterako dela bai, baina noiz, nola, norekin eta hori guztia zehaztu gabe dago.

­Beste modu batez saiatuko naiz orduan. Azkenaldion, zer entzuten ari zarete? Izan ere, askotan, behintzat, lotura estua dago entzuten eta egiten den musikaren artean.

Musika eta talde asko entzuten ditugu, baina gero eta gehiago baloratzen ditugu estruktura aldetik onak diren pop kantuak, estiloa edozein dela ere. Adibidez, azkenaldion ni oso gustura entzuten ari naiz Nada Surfen azken diskoa, “The Weight Is a Gift”. Talde beteranoa da, beharbada mementorik onenean ere ez dagoena, baina kantu onak egiten dituzte eta izugarri gustura entzuten ditut.

­Beharbada «ofizioa» deitu ohi dugun hori gero eta gehiago ari zarete apreziatzen taldean.

Gure kasuan, behintzat, musika kantuak dira. Esperimentazioa egin dezakezu; soinua, estiloak eta beste ere hor daude, noski. Baina guri kantuak gustatzen zaizkigu, eta hiru minutuan dena esaten duen kantu horietako bat egitea, hori da zailena. -

M.A.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Denuncian la discriminación que sufren los afectados
Euskal Herria
El PNV, Ibarretxe y el PSOE se autoexculpan y tratan de restar importancia a la crisis
Euskal Herria
Ingredientes para una crisis
Euskal Herria
«Buscan forzar que presionemos a la izquierda abertzale, y no lo lograrán»
Ekonomia
Trabajadoras de Conservas piden a Cebek «un acuerdo para todos»
Mundua
El programa de escuchas de Bush, inconstitucional
Kirolak
Astillero Kontxan ez dela izango, ofiziala
Mundua
El Ejército libanés toma el control de un país que llora a sus muertos
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss