BILBO
Renfeko aldiriko trenetako geltokietako langileak zein tren gidariak lanuzteak egitera deitu dituzte LAB eta CGT sindikatuek. Beraz, lanuzteak gaur hasiko dira eta Bilboko Aste Nagusia bukatu arte iraungo dute.
Sindikatuek esandakoaren arabera, aldiriko trenen gerente Julian Padiernaren «haur-jarrera» salatu nahi dute lanuzteen bidez, bai eta langileekin hitzartutako «akordioak ez dituela errespetatu» ere. Lanuzteak gaur arratsaldeko lauretan hasiko dira eta igandeko arratsaldeko zazpiak arte iraungo dute. Astelehenetik aurrera berriz, eta Bilboko Aste Nagusi guztian zehar, egunero arratsaldeko zortzietan hasiko dira eta hurrengo eguneko goizeko zazpiak arte iraungo dute. Oraindik ez dituzte gutxieneko zerbitzuak hitzartu.
CGTko eta LABeko Antonio Real bozeramaileak lanuzteak aurreko mobilizazioen ondotik batzordeak jasandako «errepresioa» salatzeko deitu dituztela eman zuen aditzera.Izan ere, LABeko lau ordezkariak eta CGTko biak soldata eta enplegu gabe utzi dituzte lau hilabeterako.
Realek aldiriko trenen gerenteak «akordio pila bat ez dituela bete» nabarmendu zuen.