Hondartzara joatea ohiko bidaia izaten da askorentzat uztail- eta abuztu-partean. Bainujantzia prestatu, eguzki izpietatik babesteko krema hartu eta hortxe doa bainuzalea hondartzarako bidean. Bakarrik, lagunekin, bikotekidearekin edo senideekin joan, egun ederra pasa dezake itsasbazterrera bertaratzen den orok. Hala ere, eta berez arrisku handirik gabeko lekua izan arren, kontu handia izan behar da, batez ere, haurrak lagun direnean.
Hartu beharreko neurriak
Haurrekin hondartzara joateak zenbait ardura dakartza. Eguzki izpietatik babesteko neurriak ohikoenak izan arren, bestelako ezbeharrak ekiditeko neurriak ere hartu behar izaten dira.
Eguzki izpietatik babestea ezinbestekoa da; izan ere, haiek azalari urteetan egindako erasoak gorde egiten ditu eta, ondorioz, etorkizunean azaleko gaitzak ager daitezke. Adituek diotenez, bi urtetik beherako haurrak ez dira eguzkipean jarri behar, beren azaleko defentsak oraindik ere ahulak baitira; batzuek hiru urte arte eguzkia ez hartzea ere gomendatzen dute. Era berean, eguerdiko hamabietatik arratsaldeko laurak bitarte eguzkipean ez egotea aholkatzen dute, garai horretan eguzki izpiak bortizki iristen baitira.
Babesari dagokionez, eurei espresuki zuzenduriko krema eman behar zaie haurrei erredurak ekidin nahi badira, betiere modu jarraian; gutxienez hamabosteko babes maila duten kremak erabili behar dira baina hortik gorakoak erabiltzea komeni da, batez ere, sasoi hasieran bagaude. Gainera, txano, elastiko eta eguzkitako betaurrekoak erabiltzea ere onuragarria da adin txikikoentzat.
Deshidratazioa ere haurraren etsai izan daiteke udan. Aro beroa lagun denean, izerdiaren bidez likidoa galtzen dugu eta, beraz, noizean behin edateko ura eman behar zaio umeari, egarria izan ez arren.
Bestalde, itsasora sartzerakoan, pixkanaka busti beharko du haurrak, tenperatura desberdintasunak eragindako talka termikoa saihesteko. Bakarrik sartzen denean, gainera, hegatsak eta antzeko puzgarriak ez erabiltzea gomendatzen dute, haurrak azkarrago igeri egingo duelako eta ondoren, itsasbazterrera itzultzeko arazoak izan baititzake nekearen ondorioz. Haizeak edo uraren indarrak ere itsaso barrura eraman dezake puzgarria.
Ezbehar arruntenak
Zauriak eta bestelako ustekabeak ere jazo daitezke hondartzan, eta betiere horiek saihesten saiatu behar dugu. Horretarako, memento oro umea non den jakitea garrantzitsua da, baita hondartzan sorosleak egotea ere.
Bainua hartzerakoan, marmokek eragindako oinazeak izaten dira ohikoenak. Horrelakoetan eta antzeko zaurietan, hondartzako larrialdi zerbitzuetara jo behar da.
Hondarra ere ez da beti nahi bezain garbia egoten, eta haurrari zauriak eragin diezazkioketen zaborrak ezkuta daitezke bertan. Horrelakoak saihesteko, hondartzarako egokiak izan daitezkeen oinetakoak erabil daitezke.
Alde horretatik, udan azal daitezkeen gaitzik arruntenak eritema, azalean agertzen diren gorriuneak, eta otitisa izan daitezke.
Horiek guztiak, batzuetan, garrantzi handirik gabeko ezbeharrak izan daitezke. Hala ere, eta neurri handi batean ekidin baditzakegu, zergatik ez diegu aurrea hartuko? -
DONOSTIA