-Idi-probak
Retegiren uztarria garaile Azkoitian
DONOSTIA
Retegiren uztarriak eraman du Azkoitiko kintopekoen idi-probetako manta. Zumarragakoaren idiek azken egunean lortu zuten gainerakoek egindako markak haustea, eta horrekin lortu zituzten mantak.Proba hauetan azkena plazaratu zen bikoa izan zen Retegirena, eta ederki egin zuten lana. Ordura arte Olidenen idiek zuten markarik onena, baina Retegin idiek, metro gutxi batzuk gehiago egin, eta garaipena eskuratu ahal izan zuten. Azkoitiko probalekura batu ziren 500 zale inguruk,
berriz, gozatu ederra hartu zuten ekinaldi hau ikusten, eta amaieran eskaini
zuten txalo zaparrada ez zen harritzekoa izan. Irabazleek, Urrutia, aurretik,
eta Izeta II.a, atzetik, izan zituzten itzain.
Arratsaldean, eskas
Herenegun arratsaldean, Azkoitian, Olearen behorra eta Pedernalesen idia neurtu ziren. Bakoitza hiru itzainekin, eta helburua Korta erretegiko idiak egindako marka haustea zen. Hark, ordu erdian 32 plaza zeuzkan eginak, baina herenegun plazaratu ziren abereek ez zuten arrimatzerik ere lortu.Olearen behorrak 14 plaza egin zituen, eta markatik oso aparte geratu zen, beraz. Hala ere, Pedernalesen idiak egindako lana askoz ere eskasagoa izan zen, ordu erdian, lanean aritu ostean, ez baitzuen bost plaza egitea lortzerik izan. Guztira, lau plaza, 1,30 metro egin baitzituen. Zaleek ere erantzun kaskarra eman zuten, jende gutxi bertaratu baitzen saioa ikustera, eta joan ez zirenek ez dute damurik izango.
|