Kostata, baina txapeldunek irabaziz ekin diote Ligari
·Biarritzek asko sufritu behar izan zuen puntuei eutsi ahal izateko
BIARRITZ 29 CLERMONT
24
BIARRITZ
Kostata, asko kostata lortu zuen atzo garaipena Biarritzek. Egungo txapeldunak irabaziz ekin dio Liga berriari, baina atzo bapo sufrituta lortu zuen garaipena. Errugbian jaurtitzaileak askotan erabakitzen du, eta atzo horixe gertatu zen. Dimitri Yachvili bezalako jokalari bat talde handietan beharrezkoa izaten da, eta lapurtarren jaurtitzailearen lana erabakigarria izan zen beste behin. Lehen zatian asko kostatu zitzaion Biarritzi kanpotarrak menderatzea. Behin baino gehiagotan markagailuan atzetik ere izan ziren, eta zaleak kezkatuta ere bazeuden atsedenean, ezusteren bat gertatuko zenaren beldur ere baziren-eta. Etxeko taldea ez zuten ongi ikusten, eta kanpotarrak lotsagabe ari ziren jokatzen. Bigarren zatian etxekoak oso gogor atera ziren zelaira, eta puntuak bat bestearen atzetik eginda ia partida erabakita utzi zuten. Azken minutuetan kanpotarrak berriro ere gora joan ziren, atzo Agileratik zerbait eraman zezaketela ikusi baitzuten, eta azken minutuetan oso estu hartu zuten talde zuri-gorria. Amaieran puntuak etxean geratu ziren, baina lapurtarrek non hobetua badutela ikusi zen. Hala ere, oraindik abuztua da, eta Liga hasi besterik ez da egin, eta taldeek izango dute hobetzeko beta. Garbi dago Biarritzek hemendik aste batzuetara, joko aldetik nabarmen egingo duela gora.
|