- Top 14
Avironek Albin jokatuz ekingo dio denboraldi berriari
BAIONA
Aurpegi berri askorekin abiatuko da gaur Aviron. Albin jokatuko du 18.30ean, eta zuri-urdinen asmoa lehen puntuak eskuratzea izango da.Maila nagusian daramatzan bi denboraldietan estutasun asko pasatu dituzte zuri-urdinek, eta aurten ez dute horrelakorik nahi. Taldean aldaketa asko egin dituzte, eta atzealdea asko sendotu dute lapurtarrek, iaz baino puntu gutxiago jasotzeko itxaropenarekin. Gaurko partida garrantzitsua da, askoren ustez, Albi ere beheko postuetan ibiliko baita aurtengo denboraldian. Avironek iaz oso puntu gutxi lortu zituen Jean Dauguer zelaitik kanpo, eta garbi ikusi zen etxetik at puntuak lortzeak zer-nolako garrantzia duen, bestela, etxean hutsen bat eginez gero, iazkoa gertatuko baita. Irabazita, gainera, Liga garaituta hasteaz gain, aurkari zuen bat menderatuko lukete, eta horrek indar handia emango lieke jokalari zuri-urdinei.
Astarloa, Ordiziara
Oskar Astarloak, iazko denboraldira bitarte Avironen aritu denak, datorren denboraldia Kitmar Ordizian jokatuko du. Gipuzkoarrek taldea indartu nahi izan dute, eta bizkaitarra, eskarmentua duen jokalaria izanik, garrantzitsua izango da Ohorezko Mailan aritzeko.
|