Udako Unibertsitatea antolatu du ABk datozen hiru egunetarako
BAIONA
Gaur da hastekoa Luhuson Abertzaleen Batasunak urtero antolatzen duen Udako Unibertsitatea. Hurrengo hiru egunetan hitzaldiak eta mahai inguruak egingo dituzte eta immigrazioa, kirola eta diru publikoa, lanbide heziketa eta Europako hainbat autodeterminazio prozesu izango dira aztergai.Bestelako ezaugarriak izango dituen jardunaldiak abiatuko dituzte gaur arratsaldeko ekitaldiek. Horietan, herriko hauteskundeei begira ABk hasitako hausnarketaren emaitzen berri emango dute 18.00etatik aitzin. «Herriko hauteskundeei begira jardunaldiak antolatzeko deliberoa hartu zuen ABk. Lehen urratsa herriz herri hautetsi nahiz militanteekin solastatzea izan zen», ekarri du gogora alderdiak. Eta gaur lan horren emaitza eman nahi dute jakitera.
Hitzaldiak
Bihar, bi gai jorratuko dituzte; goizean, 9.30ean, «Immigrazioa, zertan gira?» leloaren inguruan arituko dira CIMADEko Cristophe Piedra eta Laurence Hardouin abokatua. Arratsaldean, berriz, kirolaz eta diru publikoaz hitz egingo dute Sophie Herrera adituak, Peio Claverie Biarritz Olympique klub amateurreko presidenteak, Amaiur Alfaro skipper-ak eta Gilen Caldunbide Angeluko pilota taldeko presidenteak. Eguna bukatzeko, 19.00- etan Oxfordeko Unibertsitatean diharduen Jean Pierre Massias adituak autodeterminazioa Europa zentralean zertan den azalduko du. Larunbat goizean Emilio Lopez Adan Beltza-k egoera politikoaren inguruko hausnarketa eskainiko du. Arratsaldean, Dominique Marty Mission Locale-ko prestakuntza arduraduna eta Jose Angel Urbieta ELAko kidea eseriko dira mahai berean, lanbide heziketaren egoeraren nondik norakoak azaltzeko. Horrekin bukaera emango diete jardunaldiei.
|