BILBO
Bihar 12.00etan Bilbon izango den manifestaziora joateko deia egin zuen atzo LAB sindikatuak ohar baten bidez. PSOEri «xantaia politikoa» egiteko asmoa leporatu ondoren [ikusi 21. orrialdea], ekimen horrek herritarrei konponbidearen alde agertzeko aukera ematen diela nabarmendu zuen.LABen ustez, are garrantzitsuagoa da hitzordu hori «prozesuak duen nahasmena» kontuan hartuta. «Adierazpen askatasunaren eta oinarrizko eskubide zibil eta politikoen etengabeko urraketak, ezker abertzalearen aurkako jazarpenak, espetxe politika krudel eta legez kontrakoa mantendu eta gogortzea, presoen zigorrak handiagotzea, epaiketa politikoen irautea eta abar luzea ez dira gatazkaren konponbidearen aldeko apustuarekin bateragarriak, eta agerian uzten dute egoeraren larritasuna», ziurtatzen du LAB sindikatuak.
«Salbuespen egoera hau ezin da mantendu prozesuak aurrera egitekotan», gaineratu du prentsa-adierazpen batean.
«Euskal Herriak autodeterminazioa» du leloa biharko manifestazioak, eta Bilboko herritar askok bultzatzen dute. Moyua plazatik abiatuko da.
Atzo berriz atera ziren plazara PPko agintariak PSOEko Gobernuak manifestazioa ekidin behar duela adierazteko, eta hori sostengatzeko, ekimenaren bultzatzaileak ezker abertzaleko kideak direla salatu dute.
Fiskala: «Garzonen irizpideak»
Fiskaltzak, ordea, ez du horretarako inolako arrazoirik ikusten. Edonola ere, Candido Conde-Pumpido Estatuko fiskal nagusiak ilegalizatuta dauden erakundeen aldeko leloak edo sinboloak agertuko balira, Ertzaintzak manifestazioa desegin beharko lukeela aipatu zuen atzo Santanderren egindako adierazpenetan.Jokabide horrekin, Conde-Pumpidok nabarmendu zuen Baltasar Garzon epaileak agertutako irizpideekin bat egiten duela Fiskaltzak. Manifestazioa Batasunak bultzatzen duela frogatzeko «daturik ez» dago, eta, ondorioz, ekimena egiten utziko dute, baina alderdi horren aldeko ezer baimendu gabe.
Atzo arratsaldean zabaldu zenez, Santiago Pedraz epailearen bulegoan polizi txostenak jaso dira manifestazio honen inguruan, eta horietan ere ez dela horren kontra egiteko inolako arrazorik ondorioztatzen da.