PARIS
Antoine Skintoren (44 urtekoa) eta Stephane Amatiren (34) gorpuen aurkikuntzarekin frantses segurtasun indarrek abiarazi zuten ikerketak bost atxiloketa eragin ditu.Bosgarrenaren berri atzo eman zuen Parisko Fiskaltzak. Stephane Amatiren ingurukoa da atxilotua eta, segurtasun indarrek emandako bertsioaren arabera, joan den ostegun gauean leherketa gertatu zenetik astelehena bitartean Cortiko helikoptero basearen inguruan «ikerketak» egiten aritu zen.
Antoine Peraldi da beste atxilotuetako bat. Bera zaurituta eraman zuten erietxera, moto istripu baten eraginez, baina Poliziak uste du leherketan zauritu zela (egun Ajaccioko erietxean dago). Haren senide bat ere atxilotuta daukate. Azken bi atxilotuak dira ekintzaileek erabili omen zuten autoaren jabea (kontrol teknikoak egiten dituen garaje baten jabe ere bada) eta bere langile bat. Azken horrek Peraldi bisitatu zuen erietxean. Poliziak uste du suteak itzaltzeko erabiltzen diren helikopteroen basea zela ekintzaileen jomuga. Instalazioak inguratzen dituen hesia hautsita aurkitu dute. Zerbitzu hori Corsaeus Korsikako enpresa batek eskaintzen zuen orain arte, baina aurten Yankee Lima konpainia frantsesari eman diote.
Rinnovu talde independentistak adierazi duenez, gazte horiek borrokaren bidea hautatu badute, Korsikako baldintza politiko eta sozialak aldatzen ez direlako hautatu dute.
EAE Eusko Abertzale Ekintzak honako hausnarketa egin du: «Nahiz eta askok aldarrikatu Euskal Herrikoa dela mendebaldeko Europan azken gatazka abertzale bortitza, bi militante hauen heriotzak agerian jartzen du Euskal Herriaz gain Estatu frantziarrean hainbat borroka abertzalek gordintasun osoz jarraitzen dutela».