Jaizkibelen «asmo ona zalantzan» jarri du alarde tradizionalistak
HONDARRIBIA
Alarde Fundazioak ez du ontzat eman Gasteizko Gobernuak Hondarribiko alarderako osatu duen ordutegia, baina «errespetatu» eta «onartu» egingo duela adierazi du. Emakumeak kantinera gisara soilik onartzen dituen erakunde horrek prentsa adierazpen bidez azaldu zuenaren arabera, ordutegiak ez dira «izan daitezkeen egokienak»: «Jaizkibel konpainiak deitu duen manifestaziorako eta Hondarribiko alarderako ezarri diren ordutegiekin ez gaude batere ados eta ezberdinak izatea nahiko genuke, baina agintarien erabakiak errespetatu eta onartu egingo ditugu, beti egin izan dugun moduan».
Ordutegiez gain, Jaizkibel konpainiak manifestazioa egiteko eskaera irailaren 8rako alardearen egunerako egitea ez du begi onez ikusten. Prentsa adierazpenean zehaztu zuenez, «alardearen egun, ordu eta ibilbide berbera» duen manifesta- ziorako eskaera egitearen atzean «normaltasunerako asmo zalantzagarria ikusten» du alarde sexistak eta, era berean, eurak eguna «normaltasunez eta errespetuz ospatzeko lanean» dihardutela gaineratu zuen.
Hartara, festan parte hartuko duen orori eta agintariei «ildo berean lan egin dezatela» eskatu eta «pentsa- molde ezberdinak aintzat hartuz alardea normaltasunez ospatzen» ahalegin daitezela galdegin zien. Halaber, beren «pentsamoldea hondarribiarren gehiengoak babesten duela» adierazi zuen. Hondarribiko biztanleei eskaera zuzena egin zien alarde diskriminatzaileak: «Sortzen den egoera ezatsegina bada ere, Hondarribiko biztanleei alardean harrotasunez eta errespetuz parte har dezatela eskatzen diegu, beste ezer baino lehen gure ondare sozial eta kulturalaren zati den gertakari baten oroitzapena dagoela argi utziz».
|