- Harri-zulatzaileak
Urteko saiorik handiena, Bilbon
DONOSTIA
Harri-zulatzaileen Euskal Herriko Ligako saiorik handiena jokatuko dute etzi, Bilbon, 12.45ean, Areatzan. Izan ere, Ligako hamar taldeak arituko baitira lanean, eta hori urtean behin izaten da, eta beti Bilboko festetan.Guztira bost neurketa jokatzen dira, eta guztietan erakargarriena Jaizubiak eta Trapagaranek jokatuko dutena izango da. Bi talde horiek joan den apirilean apustua jokatu zuten Azpeitiko zezen-plazan. Orduan, bizkaitarrek ongi irabazi zuten, baina ordutik gauzak dezente aldatu dira, gipuzkoarrak Liga irabazteko zorian baitaude; eta Trapagarangoak, berriz, ez dabiltza uste bezain ongi. Hala eta guztiz ere, bi taldeek saio ederra egiteko asmoa izango dute, eta apustu hartako kontuak ere gogoan izango dituzte. Hondarribiakoak arantza atera nahian ibiliko dira. Hori amaitutakoan, Liga bukatzeko bi jardunaldi besterik ez dira geratuko, eta bakarra geldituko zaio Jaizubiari. Beraz, larunbatean gauza asko erabakita gera daitezke. Aldai Alde / Errekatxo; Arboleda / Gallarta; Burdin Gazteak / Txori Herri eta Galdames / Sondika izango dira gainerako neurketak. Ikuskizunaz gain, kirol hori ezagutarazteko aukera paregabea da Bilbokoa, sekulako jendetza izaten baita. Lehiaketa horrek bestela ere beste txapelketa askok baino jende gehiago batzen badu ere, leku askotan ezezaguna da oraindik. Ia 100 urte galduta egon ostean, berriro ere indarra hartu nahian dabiltza, eta horretarako Bilbokoak bezalako saioek sekulako garrantzia dute. Ohiko jendeaz gain, kuriositatez jende asko joaten baita horrelako jai erraldoietara, eta kirol hori gertutik ikusi ahal izango dute. Bai eta gozatu ere, azken batean, kirol gogor eta eder bezain ikusgarria baita harriak zulatzearena.
|