DONOSTIA
Gipuzkoako eta Bizkaiko 120 bat ontzi eta 2.000 arrantzale inguru ekainaz geroztik egiten ari diren hegaluzearen arrantzaldian sei milioi bat kilo hegaluze harrapatu dituzte. Joan den urtean, lau milioi hegaluze hartu zituzten eta, beraz, %50 gehiago harrapatu dute aurten. Arrantzaldi onaren ondorioz, arrainaren salneurria jaitsi egin da, eta orain arrain merkatuetan kiloa bi euro baino gutxiagoren truke saltzen dute; «orain dela 25 urteko prezioa» Jaime Tejedor Gipuzkoako Kofradiako lehendakariak esan zuenez.
RNE irratiari egin adierazpenetan, aurtengo hegaluzearen harrapaketa «ona» izaten ari dela esan zuen. Baina horrek merkatuetan prezioak jaistea eragin du, eta hori «bidegabea» dela azaldu zuen. Salneurria pixka bat garestitzen saiatuko direla gaineratu zuen «kiloko bi euroko prezioa barregarria baita kalitatezko arrain fresko batentzat».
Atungorriaren harrapaketari erreparatuta, Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek iaz jasotakoaren %30 bakarrik arrantzatu dute aurten; hau da, 400.000 kilo inguru.