GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-08-29
Amaia GOIKOETXEA
Ateak zabalik San Agustinen egunean
·ARTIKUTZAKO JAIA

ABUZTUAREN 28A OSPATZEN DUTE URTERO, ARTIKUTZAN. EGUN HORRETAN JENDE UGARI BILTZEN DA BERTARA JAI GIROAZ GOZATZEKO, ETA AURTEN ERE ASKOK EZ DUTE HUTSIK EGIN NAHI IZAN. HALA ERE, EGURALDIAK EZ ZUEN AURTENGO HITZORDUAN GEHIEGI LAGUNDU, ETA AURREKO URTEETAN BAINO JENDE GUTXIAGO BILDU ZEN BALIO EKOLOGIKO IZUGARRIA DUEN LURSAIL HONETARA

San Agustin egunean Artikutzak ateak ireki zituen joandako hainbat bisitariri ongietorria egiteko. Jaieguna ospatzeko zenbait ekitaldi antolaturik zeuden arren, eguraldia ez zen lagun izan, eta horixe izan zen, beharbada, jai giroaren etsairik handiena.

Goizeko hamaiketan hasi zen eguna atzo Artikutzan, San Agustin kaperan emandako mezarekin batera. Nahikoa jende bertaratu zen arren, eguraldi kaskarrak atzera bota zituen asko, eta, ondorioz, aurreko urteetan baino jende gutxiago bildu zen. Pilota partidak jokatzekoak bazituzten ere, eguraldi bustiak ez zuen atsedenik eman, eta tartekako euri zaparradek ez zieten pilotariei lehiatzen utzi.

Eguerdi aldera, jendea bazkaltzera joan zen, asko arratsaldeko eguraldian pentsatuz. Hala eta guztiz ere, eta ateri eutsiko zuen esperantzan, jende gehiago bertaratu zen arratsaldean Artikutzara, bertsolariak entzutera, herri kirolak ikustera eta Imahi taldearen dantzaldiaz gozatzera.

Egun guztian, Gipuzkoako Artisautza Elkarteak hainbat postu jarri zituen Artikutzako lurretan, gazta, pastel eta erroskilak dastatu eta saltzeko.

Artikutza herrixkak biztanle gutxi ditu, hamabost inguru bertako adindu eta zaindariak kontuan hartuta. Hala ere, San Agustin egunean 500 bat lagun biltzen dira urtero egun-pasa. Bertaratzen direnak donostiarrak eta goizuetarrak izaten dira batez ere, eta oinez, zaldiz edo automobilez joateko aukera izaten dute urteko egun horretan, baimenik eskatu gabe.

Lurralde berezia

Artikutza babestutako ingurunea da naturgune horrek balio ekologiko handia baitu. Horregatik, Donostiako Udalaren baimena beharrezkoa da autoz sartzeko asmoa izanez gero. Hori horrela izanik, egunean 60 lagunek baino ez dute bertara sartzeko eskubidea, eta urtean 3.500 pertsonak bisitatzen dute ingurune hori.

Zuhaitz handiak, animalia basatiak, erreka garbi eta gardenak... Bertako mikroklima berezi eta hezetasun mailaren adierazle dira horiek guztiak. Bestalde, Erroilbide gertu egoteak eta barrutiaren iparraldeko granitoaren presentziak bere adinaren berri ematen digute; Euskal Herriko lur eremu zaharrena dela adierazten dute horiek.

Orografia nabarmeneko mendien artean dago Artikutza, Oiartzunen, Lesakaren, Arantzaren, Zubietaren eta Labaienen eta Goizuetaren artean. Lursaila, berez, azken herri horren udal barrutian egon arren, Donostiako Udalaren jabego pribatua da 1919an erosi eta ur-horniketara zuzendu zuenetik. Beste motetako ustiapenak debekatu zituen.

Artikutzako basoak asko ustiatu zituzten Erdi Aroan, industria jarduera gehienek egurra baitzuten oinarri. Hala ere, barrutiaren garai okerrena 1844tik aurrera etorri zen, desamortizazioaren ondoren lursaila esku pribatuetara igaro baitzen, eta horrek gehiegizko ustiapena ekarri baitzuen. Horiek hala, Donostiako Udalak Artikutza bere gain hartu zuenean, milaka zuhaitz landatu behar izan zituen naturgunea berreskuratzeko. Horri eta orduz geroztik egin duten kudeaketari esker, basoa garbi mantendu ahal izan da.

Donostiako Udalak barrutia erosi zuenean, administratzaile bat izendatu zuen kudeaketaz ardura zedin. Martin Alberdi Alberdi izan zen Artikutzako lehen arduraduna, eta haren aginduz, lursail osoa hesitu zuten.

Garai hartan ura ez zuten kloratzen, eta garbi mantentzeko, ezinbestekoa zen abelburuak sartzea saihestea. Hala, errepidea eraikitzean, masifikazioak ekidin eta uraren garbitasuna ziurtatzeko, sartzeko baimen kopuru mugatu bat jarri zuten xede horiek lortzeko.

Egoera horrek urteetan iraun du, baina egun, baimenak autoa sartzeko soilik eskatu behar dira. Oinezkoentzat sarrera librea da, txirrindularientzat bezala, baina azken horiek urtegiari bira eman eta Elamara iristen den pista erabil dezakete soilik. Hala ere, Artikutza jai giroan ezagutu nahi duenak hurrengo San Agustin arte itxaron beharko du. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
El fuego de Zornotza se da por extinguido sin saber la causa
Jendartea
Ateak zabalik San Agustinen egunean
Euskal Herria
El PNV comienza a fijar fechas para que EA se decida
Euskal Herria
Erreferendum batean, EAEko biztanleek independentziaren alde egingo lukete
Ekonomia
Repsol amenaza a Bolivia con acciones legales
Kirolak
Ziganda avanza que habrá rotaciones
Kirolak
El juez admite el recurso del CAT y Astillero se queda fuera
Mundua
Los habitantes de Beirut reciben con protestas a Kofi Annan
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss