GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-08-29
«Bio» izena nekazaritza ekologikotik datozen produktuetarako bakarrik
Joan den uztaila geroztik ez dugu «bio» faltsurik aurkituko gure merkatuetan. Izan ere, «bio» aurrizkia nekazaritza ekologiko bidez sortutako produktuek soilik jaso ahal izango dute. Hainbat talde ekologistaren eta nekazaritza ekologikoan aritzen direnen urteetako borrokak azkenean fruituak eman dituela dirudi.

Joan den hilabetetik aurrera, merkatuan salgai dauden zenbait produktuk izena aldatu behar izan dute. Honela, teknika ekologikoen bitartez lortutako produktuek soilik jaso ahal izango dute «bio» izena. Uztailaren 1ean jarri zuten martxan araudi berri hori. Orain arte, Madrilgo, Iruñeko eta Lakuako gobernuek «biologiko» edo «bio» aurrizkiaren erabilera askea onartzen zuten, honela, edozein produktuk jaso zezakeen izen hori, nahiz eta elikagai horiek ez izan nekazaritza ekologiko bidez sortuak. Bestalde, «eko», «ekologiko» eta «organiko» hitzak teknika ekologikoen bitartez sortutako produktuetan erabiltzera mugatzen zuten. 2001ean onartu zuen Madrilgo Gobernuak arau hori, Europar Batasunaren irizpideei jaramonik egin gabe.

Araudi horrek produktu ekologikoak ekoizten jarduten diren enpresa eta elkarte ekologisten protesta ugari eragin zuen. Gure herriko dendetan salgai dauden produktu ugarik zeramaten orain arte «bio» aurrizkia. Hasiera batean, jogurten merkatuan izan zuen eragin nabarmena horrek guztiak; janari dendetako hozkailuetara begiratzea besterik ez zegoen. Baina denbora pasatu ahala, ekoizpen mota ezberdinetako enpresa ugarik aurrizki hori hainbat eta hainbat produktu identifikatzeko erabili zuten; hala nola, ogia, produktu dietetikoak, olioa, zukuak... Horregatik guztiarengatik sortutako iskanbila handia izan da. Europar Batasuna osatzen duten gobernu gehienek ekoizpen ekologikoa bultzatu zuten 2001eko maiatzean. Estatu espainola, Estatu frantsesa, Italia eta Portugal izan ziren bertan parte hartu ez zuten herrialdeak.

«Bio» hitza modu egokian erabiltzen ez zuten enpresak, bestalde, orain hilabete batzuk hasi ziren gai horren inguruan hartu beharreko neurriak hartzen. Nahiz eta uztailaren 1a izan araudi berria martxan jartzeko eguna, lehenagotik zeuden enpresa horiek aldaketa horien jakinaren gainean. Horregatik, hainbat eta hainbat iragarki ikusi ahal izan ditugu telebistan beren produktuen izenak aldatzen zituztela jakinarazteko. Hori ez da kasualitatea izan, lege berriarekin ezin baitzuten produktuek zeramaten «bio» aurrizki hori mantendu. Hala ere, beste enpresa batzuek, izen aldaketa hori kontsumitzaileari azalpenik eman gabe, isilpean egitea erabaki dute.

Leire Ibarretxe Biolur Gipuzkoako teknikariak baieztatu duenez, «bio» aurrizkia ezin du edozeinek erabili; nekazaritza ekologikoaren Europako araudian argi jartzen du «bio» eta «eko» aurrizkiak nekazaritza ekologiko bidez ekoitzitako elikagaiei soilik dagozkiela. Lehenago ezarrita zegoen legediaren inguruan aipatzen du enpresa askok «bio» aurrizkia izen ontzat hartzen zutela, beren produktuei nolabaiteko fama ona emateko. Modu horretan, «kontsumitzailea nahastera bultzatzen zuten, eta oraindik orain ere, jendeak ez dauka batere argi ‘bio’ aurrizki horrek esan nahi duena». Haren ustean, bide ekologikoa erabili ez, eta «bio» aurrizkia baliatzen zuten enpresek «iruzur» egiten zuten.

Baina zer dira elikagai ekologikoak? Ahalik eta kalitate handieneko produktuak lortzea helburu duten produkzio teknika bidez sortutako elikagaiak dira. Ingurumena errespetatzen dute betiere lurraren emankortasuna zainduz eta animalien ongizatea ziurtatuz. Elikagai mota horiek ez dute hondakin toxiko rik ez transgenikorik. Nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoak sintesi produktu kimikoak baztertzen ditu ­ongarriak, plagizidak, antibiotikoak...­. Horri esker, berezko ezaugarriak dituzten elikagaiak lortzen dituzte. Baina nola bereiz ditzakegu produktu ekologikoak? Organo egiaztatzaile batek emandako zigilu bati esker bereiz daitezke. Zigilu horrek bermatzen du produktua produkzio ekologikoko teknikei jarraiki landatu edo prestatu dutela, ikuskatze eta kontrol zorrotzen ondoren. Izen hauek eduki ditzakete: eko, ekologiko, bio, biologiko edo organiko. Horiek guztiak produkzio prozesu beraren ondorio dira.

Oso askotarikoak dira Euskal Herriko produktu ekologikoak. Hala nola, barazkiak, fruituak, zerealak, marmeladak, esnekiak, gozokiak, ogia eta beste. Ez da zaila horiek gure inguruan aurkitzea. Herrietako ohiko azoketan horrelako produktuak aurki daitezke. Bai eta baserri, espezializatutako denda edota supermerkatuetan ere. -

DONOSTIA


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
El fuego de Zornotza se da por extinguido sin saber la causa
Jendartea
Ateak zabalik San Agustinen egunean
Euskal Herria
El PNV comienza a fijar fechas para que EA se decida
Euskal Herria
Erreferendum batean, EAEko biztanleek independentziaren alde egingo lukete
Ekonomia
Repsol amenaza a Bolivia con acciones legales
Kirolak
Ziganda avanza que habrá rotaciones
Kirolak
El juez admite el recurso del CAT y Astillero se queda fuera
Mundua
Los habitantes de Beirut reciben con protestas a Kofi Annan
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss