Tomas Larrañaga Ekonekazaritzako lehendakaria da. Aspalditik ibili da «bio»
faltsuen aurkako kanpainan. Egun, pozik dago hartu berri dituzten neurriekin,
baina, hala ere, jendeak horren guztiaren gaineko informazio eskasa duela
salatzen du.
Uztailaren 1etik aurrera hainbat enpresak ezin izan dute produktuen
izena mantendu «bio» aurrizkiarengatik. Zer iritzi duzue horren
inguruan?
Europa guztian nekazaritza ekologikoaren inguruko araudiak bere horretan
jarraitu du, baina Madrilek, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren
bitartez, errege dekretua aldatu zuen. Honela, enpresek produktuei berez ez
zeukaten kalitate bat ezarri diete. Euskal Autonomia Erkidegoan ere aldatu
zuten, gauza bera egiteko asmoz. Guk askotan salatu dugu, ez baitugu inoiz hori
ondo ikusi ezta onartu ere, baina Administrazioak ez digu inongo kasurik
egin.Danonek aspalditik erabiltzen zuen «bio» aurrizkia, baina gero Kaikuk,
Pascualek eta beste hainbat enpresak erabili izan dute. Guri izugarrizko kaltea
egin digute.
Zein da horrek guztiak ekarri zuen arazo nagusia?
Azken finean, jendeak ez dauka batere garbi zer den nekazaritza ekologikoa,
eta honenbestez, pentsatu izan dute beste enpresa horiek guztiek ekoizten
zituzten produktuak nekazaritza ekologikoan oinarrituta zeudela, «bio» aurrizkia
zeramatelako.
Zer neurri har daiteke jendeak nekazaritza ekologikoaren inguruan
gehiago jakin dezan?
Nekazaritza ekologikoak ez du publizitate zuzen edo administratiborik eduki
sekula. Horregatik jendeak ez dauka garbi zer den nekazaritza ekologikoa. Hala
eta guztiz ere, guk antolatu izan ditugun ferietan, kartelak jartzen
saiatu izan gara jendea kontura zedin «bio» aurrizkiari nolako erabilera
desegokia ematen zitzaion.Guri beti esan digu Administrazioak nekazaritza
ekologikoaren promozioa egingo zuela. Hasi gara dagoeneko horren inguruan hitz
egiten Kalitate Departamentuarekin. Aurten irratian soilik egingo dute, ez
dagoelako horri zuzendutako aurrekontu handirik.
Noiz hasi ziren bestelako enpresak «bio» aurrizkia beste modu batean
erabiltzen?
Lehena esango nuke Danone enpresa izan zela. Hasieratik epaitegietan bukatu
duten istilu ugari egon izan da hainbat enpresaren artean ere. Baina azken
batean, honetan guztian kaltetuak atera direnak gu geu gara, nekazaritza
ekologikoan aritzen garenak. Ez dugu inoiz eduki produktua ezagutzera emateko
inongo laguntzarik. Oraindik ez dute promoziorik sekula egin.
Esan al daiteke Europan oro har betetzen duten araudia gaur egun ere
hemen betetzen dutela?
Europan araudia ez dute inoiz aldatu. Madrilgo Ministerioa izan zen errege
dekretua aldatu zuena, eta «bio» hitza enpresa konbentzionalei erraztu zien.
Hemen ere gauza bera pasatu zen, helburu berekin dekretua aldatu zuten.
Zein da gaur egun Ekonekazaritzaren betebeharra?
Ekonekazaritza hainbat elkartez osatutako federazio bat da. Bost elkarte
daude Euskal Autonomia Erkidegoan. Bi Araban Bionekazaritza eta
Naturaraba, bi Bizkaian Ekolur eta Lurreko eta bat Gipuzkoan
Biolur. Ekonekazaritzak azken batean denekin egiten du lan. Gainera,
Gobernuarekiko harremanak errazten ditu federazio honek. Gobernuak beti eskatu
izan du berekin harremanetan jarri ahal izateko autonomietako erakunde bat, eta,
honenbestez, Ekonekazaritza izango litzateke baldintza hori betetzen duena. Gure
barruan dauden elkarteek ez dute baldintza hori betetzen. Oraingoz Federazio hau
publikoa eta probisionala da. Hamar urte daramazkigu kontseilu probisional
moduan.
Zein mementotan dago gaur egun ekoizpen ekologikoa Euskal
Herrian?
Eremu honetan gertatzen ari den hazkuntza etengabea da. Egun 180 operatzaile
egongo dira, baserritar eta elaboratzaileen artean. Baserritarrek lehengaiak
bideratzen dituzten arren, gero elaboratzaileen eskutik pasatu behar
dute. -
M.U.