Gaur hasiko da ikasturtea Ipar Euskal Herrian
BAIONA
Lapurdiko, Zuberoako eta Nafarroa Behereko haurrek gaur hasiko dute 2006-2007ko ikasturtea. Batzuk joan den astean hasi ziren klaseetan, baina gehienentzat gaur da lehen eguna. Azken urteetako joerari jarraiki, aurten ere euskaraz ikasteko aukera eskaintzen duten ikasgela berriak ireki dira. Seaskak ikastola bat ireki du Baigorrin. Irakaskuntza publikoari dagokionez, sei ikasgela irekiko dira irakaskuntza elebidunean. Haur txikiek ikasketak euskaraz egiteko aukera izanen dute Arbona, Bidarte, Getaria eta Baionako Malilgary ikastetxeetan. Amorotzeko eskolak ere irakaskuntza elebiduna eskainiko du eta Biarrizko Thermes Salines zentroak Alsace eskolan egondako ikasleei ikasketak euskaraz jarraitzeko aukera eskainiko die. Orotara dauden 145 ikastetxeetatik 55ek eskainiko dituzte aurten ikasketak euskaraz edo elebidunean, hau da %38k.
|