EAEko herritarren %14k astean behin bazkaldu edo afaltzen dute etxetik at
GASTEIZ
Euskal Soziometroaren harira atzo ezagutarazi zituzten datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren erdia inguru urtean behin joaten da sagardotegira. Egunero ez da inor joaten, eta soilik %1 joaten da astean behin. %7 hilean behin joaten dira, eta %37, urtean behin baino gehiagotan. Etxetik kanpo jateko ohituraren inguruan Soziometroak nabarmendu duenez, EAEko herritarren %2 inguruk egunero bazkaltzen edo afaltzen dute taberna eta jatetxeetan; %14k, astean behin edo gehiagotan, eta %32k, hilean behin edo gehiagotan. Gainerako %34k urtean behin edo gehiagotan bazkaldu edo afaltzen dute taberna edo jatetxeren batean, eta %18k, kasik inoiz.
Elkarte gastronomiko edo txokoen inguruan azterketa soziologikoak zehazten duenez, sagardotegietara baino jende gutxiago joaten da. Hori bai, elkarte horietara joaten direnak maizago joaten dira; hartara, herritarren %5 astean behin edo gehiagotan joaten dira; %11, hilean behin edo gehiagotan, eta %21, urtean behin edo gehiagotan.
Bestelako datuak ere jakinarazi ditu azterketak; pintxoak jateko ohituraren ingurukoak, esaterako. Nabarmendu duenez, herritarren %4k egunero jaten dituzte pintxoak; %30ek, astean behin edo gehiagotan; %28k, hilean behin edo gehiagotan; beste %16k, urtean behin edo gehiagotan, eta, azkenik, %21ek urtean behin edo gutxiagotan.
Euskal sukaldarien inguruko kontuak ere bildu ditu Soziometroak. Hartara, horien artean ezagunena Karlos Argiñano eta Juan Mari Arzak dira, herritarren %71k eta %66k aipatu dituzte, hurrenez hurren. Jarraian datoz Pedro Subijana, Martin Berasategi eta askoz gutxiagok aipatu dituzte Hilario Arbelaitz eta Fernando Canales. Soziometroaren arabera, etorkinek eta familia etorkinetakoek aipatu dute bereziki Karlos Argiñano.
|