Estropada politak izan dira asteburu honetako biak. Baldintza erabat ezberdinetan taldeen joerak nolakoak diren ikusteko aukera izan dugu larunbatean eta igandean. Larunbatekoan itsaso handia egon zen, eta egoera horretan garrantzitsuena ziabogak eta bueltako luze biak, bigarrena eta laugarrena, ondo ematea zen. Pedreñak, esate baterako, garaipena eskura izan zuen, baina bigarren maniobran olatu bat hartu eta balizatik hamar metrora bota zuen. Hor galdu zituen aukera gehienak. Lehenengoa kalerik txarrena izan zela iruditu zitzaidan. Olatu arraroak sortzen dira, eta ezin dira ondo aprobetxatu. Castrori eta Pasai Donibaneri gertatutakoa ikustea besterik ez dago. Castrok ondo egin zuen lehenengo luzea, baina gero oso larri ibili zen, eta Pasai Donibanek, ostera, patroia galdu zuen. Ziaboga ematerakoan aurrekoak trinkatzeko arrauna hartu zuen eta patroiak uretan amaitu zuen. Hori guztia, esan bezala, lehen kalean.
Azkenean Hondarribiak lortu zuen garaipena Orion, nire ustez Pedreñaren huts bati esker, baina lehiaketa irabaztea eskura dutela iruditzen zait. Orain arte erregularrenak izan dira, baina orain aldaketak egiten ari dira Kontxari begira eta gehiago kostatzen zaie irabaztea. Dena dela, aldaketak eginda eta arraunlariak erregulatuz ere, ikurrinak irabazten ari dira.
Igandean, berriz, Castro irabaztera irten zen eta hala egin zuen. Pedreñak han ere huts bat egin zuen bigarren ziabogan, eta horrek gauzak errazago laga zizkion Castrori. Arkote ere oso ondo ikusi nuen. Jende gutxi duten arren, izar handirik ez duten arren, Popi Gonzalezek lan ona egin duela iruditzen zait.
Orain atseden hartuko du TKE Ligak, baina ez dut uste azken estropadetan aldaketa handirik izango denik. Hondarribiak lidergoa finkatuta duela uste dut, eta ohorezko txandan aldaketarik ez da izango.
Amaitzeko, larunbatean Orion gertatutakoa salatu nahiko nuke. Ez da normala arraunlariek ordu eta erdi egon behar izatea estropada jokatzeko. Lotsagarria iruditzen zait, eta arraunlariekiko errespetu falta. Orain arte beti esan dut Euskal Herriko estropadetan antolakuntza ona egon dela, baina Oriokoa ez zitzaidan gustatu. Egia da itsaso txarra zegoela, eta horrelako arazoak gertatzen direla, denboraldi honetan larregi nire ustean, baina arraunlariak ezin dira hainbeste denboran itxaroten egon.