AET: «Gayarre Antzokia Udal Fundazioak uko egiten dio elebitasunari»
IRUÑEA
Administrazioan Euskaraz taldeak (AET) Iruñeko Udalaren menpe dagoen Gayarre Antzokia Udal Fundazioaren jokaera gogor kritikatu zuen atzo igorritako prentsa adierazpen batean, elebitasunari uko egiten diola nabarmenduta.Hain zuzen ere, aipatu Fundazio horrek erabiltzen dituen afixak, Gayarre Antzokiaren sarreran aurkitzen direnak, gaztelania hutsean daudela arbuiatu zuen, eta hala, Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantzari muzin egiten diola ere nabarmendu zuen segidan. Era berean, AETk gogorarazi zuenaren arabera, egitaraua iragartzeko baliatzen dituen liburuxkak ere ez ditu beti elebidun egiten, «euskarri berezituak erabilita ere ez». Eta, sarrerak nahiz txartelak ere gaztelania hutsean dituela gaineratu zuen.
Obren ostean ere ez Gogorarazi zuen prentsako iragarkiak ez dituela elebidun ateratzen, «ezta Euskararen Ordenantzak agintzen duen %20ko kopuruan ere», eta Fundazioak duen web orrialdean ere, www.teatrogayarre.com-en, alegia, informazio guztia gaztelaniaz datorrela. Ildo beretik, hauxe ere gaineratu zuen: «Iaz obrak egin zituen antzokian, baina elementu estatikoetako informazioa gaztelania hutsean paratuta geratu da. ‘Teatro Gayarre’ dioen esaldia, adibidez».
Horiek hala, AETk honako itaunak egin zituen: «Hiritarrei orokorrean zuzentzen zaienean, euskara eta gaztelania erabili beharra ez al zuen ezarri Iruñeko Udalak Euskararen Ordenantzan? Zertarako?».
|